Gipuzkoako gazte kooperanteentzako beka-deialdia

Eskabideak aurkezteko epea ekainaren 30ean amaituko da, eta ebazpena uztailaren erdialdean jakinaraziko da.

 Irakurketa denbora: Minutu 1

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirola Departamentuak 30 urtetik beherako gazte kooperanteentzako beken aurtengo deialdia martxan jarri du. Interesa duten gazteek ekainaren 30era arte izango dute beren hautagaitzak aurkezteko epea zabalik. Izen-emateak telematikoki egin behar dira aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez. Hautatuak diren gazteen izenak uztailaren erdialdean emango dira ezagutzera.

Onuradun bakoitzak 2.000 eurora arte jaso ahal izango du gehienez. Diru hori Gobernuz Kanpoko Erakundeek Latinoamerikan, Asian eta Afrikan garatzen dituzten lankidetza-proiektuetan kooperante izaten laguntzeko da. Diruz lagunduko dira, adibidez, joan-etorriko gastuak, beharrezkoak diren bisak lortzeko egin beharreko gastuak, mediku-asegurua eta istripu-asegurua eta komunikazio gastuak.



Deialdi hau Gipuzkoako Foru Aldundiko Garapen Lankidetzarako Zuzendaritzak bultzatzen duen gizarte-eraldaketarako hezkuntza-estrategiaren parte da. Helburua da tokiko eremutik herritartasun globala eraikitzea, gazteek nazioarteko garapen-proiektuetan parte har dezaten sustatuz.

Gazte kooperanteak

Aurreko deialdian  GFAk 14 beka eskaini zituen. Onuradun gazteek Bolivian, Senegalen, Boli Kostan, Saharan eta Bangladeshen garatzen diren egitasmoetan laguntzeko aukera izan zuten Proyde Proega, Mundubat, Ndank Ndank eta Muhammad Yunus GKEekin batera. Egitasmo horiek hainbat esparrutan garatzen dira, hala nola hezkuntza, osasuna, arkitektura eta ingurumena.  Bertan egiten duten lanari esker, nazioarteko lankidetzan esperientzia lortzeaz gain, gazte kooperanteek hegoaldeko herrialdeen garapenean eragiten duten proiektuetan laguntzen du.



2016an abian jarri zenetik, 67 gaztek beste errealitate batzuk ezagutzeko aukera eman dien beka bat lortu dute. 8 urte hauetan, GFAk 130.000 euroko inbertsio metatua egin du. Pandemiaren eraginez, 2020. Eta 2021. urteetan ez zen deialdirik izan. Beka lortu duten gazteek Nikaragua, Guatemala, Ekuador, Argentina, Txile, Peru, Bolivia, Brasil, Kolonbia, Sahara, Tanzania, Kongo, Kenya, Liberia, Kamerun, Senegal, Boli Kosta eta Bangladesh bezalako herrialdeen errealitatea ezagutu ahal izan dute.

Advertisements