Hizkuntzak Biziberritzeko IV. Formazio Programak lehen astea osatu du Aretxabaletan, Bilbon, Irunen eta Hendaian egindako hainbat jarduerarekin. Garabideren egoitzan irailaren 18an hasitako egitarauan, munduko hainbat komunitatetako 11 lagunek euskararen biziberritzea eta nazioarteko esperientziak jaso dituzte.
Sarrera-egunen ostean, irailaren 20an Urkulu urtegian egunpasa egin zuten, eta biharamunean Aretxabaletako Udalaren harrera instituzionala jaso zuten Gari Iturbe alkatearen eta Iñaki Martinez de Luna Garabideko lehendakariaren eskutik. Bertan, kaqchikel, nasa eta maputxe ordezkariek esker ona adierazi zioten euskal komunitateari.
Hizkuntzen biziberritzearen oinarri teorikoak
Irailaren 21ean eta 22an, soziolinguistika, eleaniztasuna, helduen irakaskuntza eta hezkuntzaren papera aztertu zituzten Itziar Idiazabal, Leire Diaz de Gereñu, Jon Sarasua, Iñaki Arruti, Ane Ortega eta Andoni Barreña adituen eskutik, bakoitzak bere arloko ezagutza eta esperientzia partekatuz.
Munduko hainbat hizkuntza-komunitatetako 11 ordezkarik hartu dute parte Hizkuntzak Biziberritzeko IV. Formazio Programaren lehen astean
Irailaren 23an, berriz, Bilboko Euskararen Etxea eta bertako Interpretazio Zentroa bisitatu zituzten, euskalgintzako elkarteen kudeaketa-eredua bertatik bertara ezagutzeko.
BIHAR Kongresua, munduko hizkuntzen topagune
Irailaren 23tik 26ra bitartean, ikasleek BIHAR Nazioarteko Kongresua jarraitu zuten Bilbon, Irunen eta Hendaian. “Hizkuntzetatik jalgitzen ari den mundua” lelopean, 40 komunitatetako hizlariak bildu ziren, eta ikasle batzuek —hala nola mixe, guarani eta amazig ordezkariek— zuzeneko ekarpenak egin zituzten.
Goi-bilerari amaiera emateko, irailaren 26an “Hizkuntzak Biziberritzen ari diren Hizkuntzen Manifestua” irakurri zuten Irun zein Hendaia artean, eta mundu mailako hizkuntza minorizatuen federazio berriaren ekimena aurkeztu zen.








