Inti 2024 Ibilbidean parte hartzeko aukera

Iruñeko Udalak bi gazteren gastuak ordainduko ditu Inti Ibilbidearen hamargarren edizioan parte hartu ahal izan dezaten

Urtarrilaren 17an, 18:30etan, Inti 2024 Ibilbidearen X. edizioaren nondik norakoak azaltzeko bilera bat izango da Iruñeko Gaztediaren Etxean. Programa horrek izaera sozial eta kulturala du, eta mundu osoko gazteen arteko kultura-trukea sustatzea eta haien gizarte-ingurunea aberastea du helburu.

Aurtengo edizioan, Inti Ibilbideak Kanariar Uharteak eta Maroko zeharkatuko ditu 28 egunez, uztailaren 21etik abuztuaren 17ra arte, hain zuzen ere. Parte-hartzaileek Fez, Marrakech, La Laguna, Icod de los Vinos eta San Sebastián de la Gomera hiri historikoak bisitatzeko aukera izango dute, Marokoko Atlasa eta Saharako basamortua esploratzeaz gain. Hainbat kulturarekin elkartzea aurreikusten da hala nola Atlaseko Amazighekin. Gainera, gazteek Tubkal eta Teide gailurretara igotzeko aukera ere izango dute, Afrika iparraldeko eta Espainiako punturik garaienetara, hurrenez hurren.

Bi plaza

Gazte iruindarren parte-hartzeari laguntzeko, Iruñeko Udalak bi plaza finantzatuko ditu, eta bakoitzak 2.390 euroko kostua izango du. Deialdia 1998ko uztailaren 23tik 2006ko uztailaren 23ra bitartean jaio eta Iruñean erroldatuta dauden gazteei zuzenduta dago. Ezinbestekoa da gaztelaniaz hitz egiten jakitea.

Aurrez izena emateko epea urtarrilaren 18tik otsailaren 4ra arte egongo da zabalik. Horretarako, helbide elektroniko bat bidali beharko da juventud@pamplona.es helbidera, identifikazio- eta kokapen-datuekin, parte hartzeko arrazoiak azaltzen dituen idazki batekin batera.

Aurrez hautatutako parte-hartzaileek Inti Ibilbideak ezarritako irizpideetan oinarritutako monografia bat aurkeztu beharko dute. Ondoren, martxoan zehar, antolakuntzak elkarrizketa pertsonalak egingo ditu. Emandako laguntzek Inti Ibilbidearekin lotutako gastu guztiak estaliko dituzte, Sevillan den irteera puntura egin beharreko joan-etorri bidaien eta ostatuen gastuak izan ezik.