‘Hitz-Erdiko Kontaketak’ lehiaketa

Parte-hartzaileek euskaraz idatzitako ehun hitz baino gutxiagoko ipuinak aurkeztu beharko dituzte martxoaren 22 baino lehen

Basauriko Udalak, ZirtZart Basauriren bidez eta Geuria Hego Uribeko herri komunikabidearekin eta Elkar Euskal Kulturgintzarekin elkarlanean, ‘Hitz-erdiko kontaketak’ ipuin laburren lehiaketaren edizio berri bat jarri du martxan. Literatur talentu berriak aurkitzea eta sustatzea helburu duen lehiaketa hau 12 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzentzen zaie.

Parte-hartzaileek ehun hitz baino gutxiagoko kontaketak aurkeztu beharko dituzte, betiere, antolatzaileek edizio honetarako aukeratu duten esaldia abiapuntutzat hartuta: “Haur bat bezala…”. Kontakizunak euskaraz idatzi beharko dira eta hautagaiek beren proposamenak Basauriko Udalaren gazteria zerbitzuaren webgunera igo beharko dituzte beren lanak. Ipuinak igotzeko epea urtarrilaren 22an hasi eta martxoaren 22ra arte izango da zabalik.

Sariak

Guztira bost lan sarituko dira. Lehenengo hiru sailkatuek bonuak lortuko dituzte; adin gutxiko hautagaiek aurkeztutako lan onenak ‘Elkar’ saria jasoko du; eta, basauritar hautagaien lan onenari, berriz, ‘Basauri’ saria emango zaio. Sari guztiak 100-200 euro artekoak izango dira. Sarituak diren lanak Hego Uribe eskualdeko ‘Geuria’ egunkarian argitaratuko dira.

Pasa den urteko edizioan 866 ipuin jaso ziren. Aroa Elortza Payros, Ainhoa Beldarrain Iraola eta Sara Mantxola Akizu izan ziren lehenengo hiru postuetan, eta Aran Goti Sanchez eta Olatz Flores Corral izan ziren “Elkar” eta “Basauri” sarien irabazleak, hurrenez hurren.

Lehiaketaren inguruko argibide guztiak Zirt Zart Basaurin lor daitezke.