“Portugalete Uri Urena” komiki lehiaketa

Lehiaketa bi kategoriatan banatuta dago: komikia eta komiki-banda. Lanak aurkezteko epea datorren maiatzaren 3an amaituko da.

Portugaleteko Udalak “Portugalete Uri Urena” komiki lehiaketaren XXXVIII. ediziorako deialdia iragarri du. Lehiaketa horretan komikigintzan interesa duten adin guztietako pertsonek parte har dezakete. Lehiaketak ez du mugarik jartzen lehiakide bakoitzak aurkeztu beharreko lanen kopuruari dagokionez, eta bi kategoriatan banatuko da: komikia eta komiki-banda.

Komikien kategorian, aurkeztutako lanek DIN A-4 tamainan edo formatu proportzionalean inprimatutako lau orrialde izan beharko dituzte, formatu bertikalean. Bestalde, komiki-bandaren kategorian inprimatutako obrak aurkeztu beharko dira, behar bezala errotulatuta, 19 x 8 cm-ko tamainan edo neurri proportzionalean, bi bineta edo gehiagotan banatuta eta formatu horizontalean. Lanak koloretan zein zuri-beltzean aurkeztu ahal izango dira.

Parte hartzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte beren lanak. Obrak sinadurarik eta ageriko izenik gabe aurkeztu beharko dira, izenburu edo lelo bat duen gutun-azal baten barruan. Egilearen datu pertsonalak beste gutun-azal batean sartuko dira, lehenengoaren barruan, NANaren fotokopiarekin batera.

Lehiakideek beren lanak postaz bidali edo pertsonalki aurkeztu ahal izango dituzte Santa Klara Kultur Etxean (Casilda Iturrizar kalea 10, 48920 Portugalete, Bizkaia). Obrak aurkezteko epea 2024ko maiatzaren 3an amaituko da. Postaz bidalitako lanen kasuan, posta-zigiluan data hori edo aurreko data bat duten lan guztiak onartuko dira.

Sariak kategoriaren arabera erabakiko dira, hizkuntzak bereizi gabe. Sari Nagusia ‘Portugalete Uri Urena’ izenekoa da eta komikia kategoriako irabazleak 1.700 euro eta garaikurra jasoko du. Komiki-bandaren kasuan irabazleak 300 euro jasoko ditu.

Lehiaketari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, deitu 94 472 93 09 telefonora, bisitatu www.portugalete.org webgunea edo bidali mezu elektroniko bat santaclara@portugalete.org helbidera.