Arte-, astronomia- eta kultura-jarduerak Arabako Parke Naturaletan

Aurtengo protagonista nagusia Izkiko Parke Naturala izango da, proposamen gehienak jasoko baititu haren 25. urteurrena dela eta.

Udaberri honetan hainbat jarduera artistikoz, astronomikoz eta kulturalez gozatu ahal izango da Arabako Parke Naturaletan. Bere 25. urteurrena ospatzen duenez, Izkiko Parke Naturalak hartuko ditu programatutako jarduera gehienak.

Larunbat honetan, apirilak 15, Amaia Torres ilustratzaile eta arkitektoaren eskutik ‘sketching’ tailerra izango da Korresen. Eredu artistiko gisa herriko Erdi Aroko arkitektura erabiliko da.

Apirilaren 22rako bi dira programatutako jarduerak. Alde batetik, eguneko harraparien zaleek hitzaldia eta landa-irteera izango dute Izkin. Ondare kulturalarekiko interesa duten horiek, berriz, Zubialde ibaiaren inguruan bizi izan ziren komunitate txikien inguruan gehiago ezagutzeko aukera izango dute Gorbeian. Parte-hartzaileek Muruako errotatik Etxagueneraino doan bidea egingo dute karobiak eta erlategiak ikusteko.

Erlezaintza

Erlezaintza protagonista izango da maiatzaren 13an Izkin izango den jardueran. Egun horretan, herriko erlezain baten eskutik, parte-hartzaileek lanbide honen inguruko nondik-norakoak ezagutu ahal izango dituzte.

Hurrengo astean, maiatzak 20, hegaztien tiutak identifikatzeko tailer bat izango da eta, hurrengo egunean, maiatzak 21, landareen argazki makroari buruzko ikastaro bat izango da, flora xehetasunez ikusteko.

Astronomia

Udaberri honetako programazioaren beste zutabe nagusi bat astronomia izango da. Horrela, maiatzaren 26an, Korresko astronomia-behatokian, Ilargia eta Artizarra ikusi ahal izango dira.

Maiatzaren amaieran proposamen berritzaile bat izango da: ‘Nire herria erakutsi nahi dizut’. Egitasmo horri esker, egun bakar batez bertako biztanleak gida turistiko bilakatuko dira. Lehenengo saioa Markinez herrian egingo da.

Jarduera guztiak doakoak dira eta izen-emateak gorbeia.eus edo izkiparkea.eus webguneen bidez egin beharko da.