Lan-istripuen % 22,9k gazteak izan zituzten biktima

Osalanek eskainitako datuen arabera, lan-istripuak ohikoagoak omen dira gizon gazteen artean emakume gazteen artean baino.

2022. urtean baja eragin zuten 34.282 lan-istripu erregistratu ziren Euskadin. Horietatik guztietatik, 7.853tan 35 urtetik beherako gazteak izan ziren biktima, hots, iaz izandako lan istripuen % 22,9k 16 eta 34 urte bitarteko gazteak izan zituzten biktima. Osalanek eskainitako datuen arabera, lan-istripuak ohikoagoak omen dira gizon gazteen artean emakume gazteen artean baino. Izan ere, laneko ezbehar-tasaren indizea 2022an milako 38,9koa izan zen, baina gizonen artean milako 54,7koa izan zen bitartean, emakumeena milako 21,2koa izan zen. Aipatu indizeak  16-34 urte bitarteko gazteen laneko istripuen kopurua jasotzen du (lantokian edo joan-etorrietan). Sektoreka, iaz erregistratutako eta gazteak biktima izan zituzten istripu gehienak zerbitzuen sektorean eman ziren (% 61,3). Kontuan izan behar da lanean diren gazte gehienek (% 78,1) sektore horretan lan egiten dutela. Jarraian, industria (% 28,4) eta eraikuntza (% 8,9) aurkituko lirateke eta, azkenik, lehen sektorea (% 1,4).