‘Loot boxes’ eta ausazko mekanismoetarako araudia

Joko asko dituzten ausazko kaxen bidezko sari-sistemek txanpon-makinen mekanismo berberak erabiltzen dituzte

Loot box-en edo “sari-kaxen” ugaritzea izurri bihurtu da, eta jada bideo-joko gehienetan agertzen dira. Horrelako sariek txanpon-makinen mekanismo berberak erabiltzen dituzte jokalariei sariak eskaintzeko eta horregatik, zenbait estatutan, espainiarra kasu, praktika hori arautu nahi dute.

Espainian, Kontsumo Ministerioak iragarri duenez, lege bat garatuko da, bideo-jokoetan txanpon-makinek erabili ohi dituzten mekanismoak arautzeko, batez ere adingabeei zuzendutako jokoetan. Oraindik lege berri horren inguruko xehetasunak ezagutzen ez badira ere, aurreratu denez, ‘loot boxes’ delakoak ausazko jokoekin parekatuko dira, azken finean, mekanismo bera erabiltzen dutelako.

Aldi berean, lege berriak kriptomonetekin zerikusia duten elementuak erabiltzen dituzten mekanismoak arautuko dira, hala nola NFTak edo balio monetarioa edo birsaltzeko modukoa duen oro.

Aitzindaria

Lege berri horrekin Espainia izango da gaur egun arrakasta handiena duten joko gehienetan, batez ere, smartphone direlakoetan mekanismo eztabaidagarri horiek erabiltzen dituen sektorea arautzeko berariazko lege bat egiten duen lehen herrialdeetako bat.

Jende askok ez daki oraindik ‘loot boxes’-ek zer kalte eragin dezaketen. Ohiko zori-jokoetan erabiltzen diren antzeko mekanismoak erabiltzen dituzte eta, ondorioz, kontsumo-jokabide buruarinak, konpultsiboak edo patologikoak eragin ditzakete.

Gainera, horrelako kaxak dituzten hainbat joko haurrei zuzenduta daude edo ez dute adin mugarik. Hortaz, etorkizuneko legearen xedea da, hain zuzen ere, erabiltzaileek bideo-jokoez gozatu ahal izatea, baina, aldi berean, kontsumitzaile guztien osasuna ere zaindu ahal izatea, bereziki, zaurgarrienena; kasu honetan, adingabeena. Izan ere, Drogei buruzko Plan Nazionalaren arabera, 10 ikasletik 3k dirua gastatu zuten 2021ean bideo-jokoen barruan.

Clash of Clans edo Brawl Stars bezalako jokoetan, ausazko sari-kaxa sistemak ugariak dira eta jokoak berak horrelako kaxen erosketa sustatzen du jokoan azkarrago aurrera egiteko edo denbora luzez itxaron behar ez izateko. FIFA bezalako bideo-joko handietan ere horrelako mekanismoak gero eta ohikoagoak dira.