Gasteizko Montehermoso Kulturguneak ‘Egiturazko pobrezia’ erakusketa inauguratu du, Giza Eskubideen Egunaren ospakizunarekin bat eginez. Otsailaren 2ra arte ikusgai egongo den pobreziaren inguruko erakusketa hau izan da Garapenerako Lankidetzaren Udal Zerbitzuak, Montehermosorekin laguntzarekin, bultzatu duen ‘Giza Eskubideak eta Sorkuntza Artistikoa’ hamabigarren deialdian aukeratutako proiektua.
Pobreziaren inguruko erakusketa
Erakusketak zortzi artisten lanak biltzen ditu, munduko desberdintasunak ikuspegi ezberdinetatik jorratuz. Erakusmeta-Zas Espazioa kultur elkarteak erakusketan parte hartu duten artistak koordinatu eta aholkatu ditu, eta Nazioarteko Elkartasuna GGKEak bere Giza Eskubideen arloko esperientzia eskaini du.
Erakusketa urtarrilaren bigarren hamabostaldian hainbat jarduerarekin osatuko da. Horien artean tailer bat, mahai-inguru bat eta erakusketari buruzko katalogo baten argitalpena daude. Proiektuak herritarrak pobreziaren inguruan sentsibilizatu eta Giza Eskubideak defendatzen dituzten erakunde sozial eta kulturalen lana ikusaraztea du helburu.
Erakusketan parte hartu duten artistak
- Ariana Rac artistak, bere lanaren bidez, etxebizitza duina izatearekin lotutako eskubidea arakatzen du gogoetarako gonbitea egiten duten eskulturen eta esku-hartzeen bidez.
- Itxaso Díazek El Salvadorren abortuaren penalizazioari buruzko ikus-entzunezko lan bat egin du.
- Itzal Garciak moda bizkorraren abusuak eta ingurumeneko inpaktua salatzen ditu.
- Gezus Ramírezek, bere esperientzian oinarrituta, migratzaileen laneko eta gizarte arloko zailtasunak salatu ditu.
- Lucía Jayok emandako materialekin sortutako instalazioarekin, egiturazko pobreziaren kontzeptua jarri du ezbaian.
- Txaro Arrazolak, bere lanaren bidez, pobreziaren eta generoaren arteko lotura arakatu du eta ekoizpen kalitalistak eta klima-aldaketak pobrezia eta desberdintasuna are gehiago okertzen dituztela dioen ideiaren inguruko gogoeta bultzatu nahi izan du.
- Zaloa Ipiñak oinarrizko eskubideak jorratu ditu nekazaritzako produktuz eta kartelez betetako munduko maparen bidez.
- Zirikak indibidualismotik kolektibitatera egindako trantsizioa jorratzen du. Hala, elkartasuna eta konpromiso soziala egiturazko pobreziari aurre egiteko ezinbestekoak direla nabarmentzen du.