Ordenagailu zaharrak konpontzeko tailerrak

Gasteizko Udalak antolatuta, Egibide eta 3erreswebekin elkarlanean, Konpondu tailerretan ordenagailuen bizitza luzatzen irakatsiko da.

Ekainaren 20tik 23 bitartean ordenagailu zaharrak konpontzen laguntzen duten Konpondu tailerrak ospatuko dira Gasteizko lau gizarte etxetan. Konpondu tailerrak Gasteizko Udalaren ekimen bat dira eta Egibide eta 3erreswebekin elkarlanean egiten dira. Tailer horien xedea da ordenagailuen bizitza erabilgarria luzatzea eta, horrela, zabor elektronikoen kopurua murrizten laguntzea.

Tailer praktikoak izango dira eta horietan parte-hartzaileen beren ordenagailuak konpontzeko aukera izango dute adituen laguntzarekin. Tailerretan parte hartu ahal izateko aldez aurretik izena eman behar da. Esan bezala, lau izango dira eskainiko diren tailerrak. Lehenengoa, ekainaren 20an, Zabalganako gizarte etxean izango da, goizeko 9:30etan. Ekainaren 21ean hitzordua Ibaiondo gizarte etxean izango da, 16:30etan. Hurrengo egunean, eta ordutegi berean, tailerra Salburuako gizarte etxean izango da. Azken tailerra Iparralde gizarte etxean izango da ekainaren 23an, goizeko 9:30etan.

Konpondu

Egitasmo horren bidez Gasteizko Udalak herritarren egungo kontsumo-ereduak aldatzen lagundu nahi du. Sarritan konpon daitezkeen gailuak zaborrera bota eta berri bat erosteko joera dugu. Gainera, konponketa horiek tokiko dendetan egin ohi dira eta horrek hiriko ekonomiari ere mesede egiten dio.

Gasteizko Udalaren webgunean bada atal berezi bat Konpondu egitasmorako. Bertan, ordenagailuak ez ezik, bestelako produktuak ere konpontzeko profesionalak aurki daitezke, hala nola, altzariak eta apainketa; arropa eta osagarriak; berokuntza eta aire girotua; bitxigintza eta erlojugintza; elektrotresna handiak; elektrotresna txikiak; etxeko ehungaiak; irudia eta soinua; kirol eta aisialdirako ekipamendua; loragintza tresnak, oinetakoak eta telefonia. Horrekin batera, konponketarekin eta ekonomia zirkularrarekin lotutako informazio eta dokumentazio ugari egongo da.

Konponder

Konpondu egitasmoan parte hartzen duten horiek ‘konponder’ ezizenarekin ezagutzen dira. Konponderrak dira produktuak bota aurretik konponketaren alde egiten duten horiek eta baita konponketa lanak egiten dituen horiek. Azken horietako bat bazara, webgunean bertan izena eman ahal duzu zure zerbitzuak eskaintzeko.