Abian da Poltsiko Antzerki Sorkuntza sariaren aurtengo edizioa

Poltsiko Antzerkiko programak musika eta umorea, antzerkia, magia edota bakarrizketak bateratzen ditu, ikusleei antzerkia hurbiltzeko xedearekin.

Donostia Kulturak ‘Poltsiko Antzerki Sorkuntza’ sariaren hamalaugarren edizioa jarri du abian, poltsikoko antzerkian eta formatu txikiko antzerkian euskarazko eskaintza sustatzeko helburuarekin.

Izena emateko epea irailaren 15era arte egongo da zabalik. Edizio honetan bi proiektu aukeratuko dira: irabazleak 2.500 euro jasoko ditu eta finalistak, berriz, 2.000 euro. Deialdiaren irabazleek eta finalistek saritutako lanak estreinatu eta antzezteko konpromisoa hartuko dute, eta bakoitzak lau emanaldi egingo ditu, Donostiako Poltsiko Antzerki Jaialdiaren barruan.

Gainera, proiektu irabazleak 3.000 euro jasoko ditu, eta Poltsiko Antzerkiaren Jaialdian egin beharreko lau emanaldien truke ordainduko dira. Proiektu finalistak 2.500 euro jasoko ditu. Era berean, proiektu sortzaileak gauzatzeko, kultur etxeek abenduan zehar espazioak utziko dituzte hautatutako obrak muntatzeko.

Poltsiko Antzerki Jaialdia

Donostiako Poltsiko Antzerki Jaialdia formatu txiki eta ertaineko antzerki-ikuskizunen erakusketa da, urtero hiriko hainbat auzotako taberna eta lokaletan egiten dena.

Ekimen hau Donostia Kulturak antolatu du, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearen laguntzarekin. Hamalaugarren deialdi honetan, aurrekoetan bezala, laguntza ez da proiektuak saritzera mugatzen.

Deialdi honen azken helburua koprodukzioa da; izan ere, sorkuntzan eta ekoizpenean laguntzeaz gain, emanaldiak Poltsiko Antzerkiaren Jaialdian sartuko dira. Horrela, euskarazko antzerkigintzari berezko espazio bat eskaini nahi zaio jaialdi horren barruan, hautatutako bi antzezlan bakoitzaren lau emanaldi hiriko taberna ezberdinetan programatuz.

📷 Idoia Unzurrunzaga