Telefónica Fundazioak eta AICk prestakuntza digitala bultzatu dute 42 Urduliz Bizkaia eta AIC Academyrekin

Telefónica Fundazioak eta AIC Fundazioak hitzarmena sinatu dute prestakuntza teknologikoa Euskadiko automobilgintzaren sektorearekin uztartzeko. Akordioak 42 Urduliz Bizkaia eta AIC Academyren programak elkartzen ditu

Egilea:  Lander Bolado
Argazkia:  Bizkaia.eus
Hitz kopurua:  200
Irakurketa denbora:  Minutu bat

Telefónica Fundazioak eta AIC Fundazioak (Automotive Intelligence Center) lankidetza-hitzarmena sinatu dute Euskadin prestakuntza digitala bultzatzeko. Akordioak bi ardatz nagusi ditu: 42 Urduliz Bizkaia programazio-campusa eta AIC Academy, AICren prestakuntza-zentroa.

Helburua da gaitasun teknologiko aurreratuak garatzea eta automobilgintzaren eta mugikortasunaren sektoreko talentu-beharrei erantzutea, Euskadiko industria-zutabe nagusietako bat baita. Halaber, prestakuntzaren eta lurraldeko enpresen arteko lotura indartzea du xede.

Helburua da gaitasun teknologiko aurreratuak garatzea eta automobilgintzaren sektoreko talentu-beharrei erantzutea

Bi zentroen artean partekatutako edukiak

Lankidetzak bi zentroen arteko prestakuntza-edukiak integratzea dakar; horrela, 42 Urduliz Bizkaiako ikastaroak AICren programetan txertatuko dira, eta alderantziz. Halaber, automobilgintzako prestakuntza espezializatuan eta enpleguari buruzko topaguneetan parte-hartze bateratua izatea aurreikusten da.

Bi erakundeek, gainera, beren gaitasun digitalak eguneratu nahi dituzten gazte zein profesionalentzako jarduerak diseinatuko dituzte, arreta berezia jarriz industria-teknologia berriei lotutako reskilling eta upskilling prozesuetan.

Doako campus bat, 2021etik martxan

42 Urduliz Bizkaia 2021az geroztik dago jardunean, Telefónica Fundazioak eta Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatuta, eta lan-merkatuak eskatzen dituen profil digitalei bideratutako doako prestakuntza teknologikoa eskaintzen du. AICk automobilgintzaren ekosisteman zein prestakuntza aurreratuan eta berrikuntzan duen esperientzia ekarri du lankidetzara.

Bi fundazioek, halaber, jardunaldietan, enplegu-azoketan eta bestelako topaketetan parte hartuko dute, talentu gaztea euskal enpresa-ehunaren aukeretara hurbiltzeko. Hitzarmenak atea zabalik uzten du etorkizunean elkarrekin jarduera berriak garatzeko.