Telefonoak kalte egin diezaioke zure espermari

Suitzan egindako ikerketa baten arabera, mugikorra maiz erabiltzeak espermatozoideen kontzentrazio txikiagoa eragin dezake.

Azken urteetan egin diren ikerketa ezberdinek agerian utzi dutenez, gero eta gehiago dira ugaltzeko adinean egonda kalitate eskaseko ernal-hazia duten gizonak. Kalitate-jaitsiera hori azaltzeko bi arrazoi erabili dira nagusiki: ingurumen-faktoreak  eta bizi-estilo kaltegarriak (alkohola, tabakoa…).

Baina duela gutxi argitaratutako azterlan batek semenaren kalitatean eragin negatiboa izan dezakeen faktore berri bat aurkeztu du: telefono mugikorren erabilera. Izan ere, Suitzan egindako ikerketa baten arabera, telefono mugikorren ohiko erabilera espermatozoideen kontzentrazio txikiagoarekin eta espermatozoideen zenbaketa osoarekin lotzen da. Ikerketa 18-22 urte bitarteko 2.886 gazterekin egin da eta ikusi ahal izan denez, espermatozoideen batez besteko kontzentrazioa nabarmen handiagoa izan zen astean behin baino gehiagotan telefonoa erabili ez zuten gizonen taldean (56,5 milioi mL), telefonoa egunean 20 aldiz baino gehiagotan erabili zuten gizonekin alderatuta (44,5 milioi mL).

Ikerketaren emaitzek erakusten dutenez, badirudi ez dagoela inolako loturarik telefono mugikorren erabileraren eta espermatozoideen mugikortasun apalaren eta morfologiaren artean.

Espermaren kalitatea

Espermaren kalitatea, nagusiki, lau aldagaien arabera zehazten da: espermatozoideen kontzentrazioa, espermatozoideen zenbaketa osoa, espermatozoideen mugikortasuna eta espermatozoideen morfologia. Osasunaren Munduko Erakundeak ezarritako balioen arabera, esperma kalitate onekoa izateko, kontzentrazioak 40 milioitik gorakoa izan behar du mililitro bakoitzeko.