Status Quo eta Alan Parsons Music Legends Festivaleko kartel-buru

Bi urteko etenaldiaren ostean jaialdia Bilbora bueltako da ekainaren 24 eta 25ean

Bilbao Music Legends Festival Bilbora itzuliko da pandemiak eragindako bi urteko etenaldiaren ondoren. Jaialdia datorren ekainaren 24an eta 25ean izango da Bilbao Arenan.

Ekainaren 24an, ostirala, rock musikaren historian arrakasta handiena lortu duen taldeetako bat izango da kartel-buru: Status Quo talde britainiarra. Egun berean, rock psikodeliko, spare rock eta acid rock musika egiten duen Hawkwind eta Girlschool londrestarrak izango dira. Gainera, Maika Makovskik bere azken lana aurkeztuko du. Anari euskaldunak kartela osatuko du.

Ekainaren 25ean, larunbata, Alan Parsons Live Project izango da kartel-buru. Alan Parsonsek ibilbide luzea du musika munduan eta soinu-ingeniari gisa lan egin du, besteak beste, The Beatles, Pink Floyd, The Hollies eta The Wings taldeekin. Egun horretako kartela Paul Carrackek, Shirley Davis & The Silverbacksek eta Mikel Rentería & The Walk On Project Bandek osatuko dute.

Azken edizioan Voodoo Child Bar-ek izan zuen harrera ona ikusita, aurten ere gune horretan sortzen den giroaz gozatu ahal izango da. Bertan programatuta dauden artistak honako hauek dira: Micky & the Buzz, Gonzalo PortugalJavi “Stills” & Co. eta Santiago y los Runaway Lovers.

Sarrerak jasa salgai daude. Egun bakarrerako sarrerak 55 euroren truke eros daitezke. Bi egunetarako bonuak, berriz, 90 euroren truke.

 “Warming up”

Motorrak berotzeko Bilbao Music Legends Festivalak ‘Warming Up’ izeneko jaialdia antolatu du. Asmoa da Bilboko eszenatoki ezberdinetan tokiko zein nazioarteko artisten kontzertuak antolatzea. Orain arte honako hauek daude konfirmatuta: The Steepwater Band eta Maite Larburu. Biak Kafe Antzokian izango dira, lehena maiatzaren 26an eta bigarrena martxoaren 10ean. Programazioa kontzertu gehiagorekin osatuko da. Warming Up jaialdirako sarrerak Kafe Antzokiaren web orrialdean eta www.musiclegendsfestival.com web orrialdean eros daitezke.