Bizikleta elektrikoak mugikortasun jasangarria sustatzeko

Bizkaibizi mailegu zerbitzu berriak 600 bizikleta elektriko eskainiko ditu Bilboko itsasadarrean diren udalerrietan

Bilboko itsasadarra osatzen duten udalerrietatik mugitzea askoz errazagoa izango da datorren urtetik aurrera. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Ezkerraldeko zein Eskuinaldeko udalek Bizkaibizi izeneko bizikleta elektrikoen mailegu zerbitzu bat jarri dute martxan. Bizikletak datorren urtetik aurrera erabili ahal izango dira eta, modu horretan, eguneroko joan-etorrietan bizikletaren erabilera sustatu nahi da. Zerbitzua honako udalerri hauetan izango da martxan: Barakaldo, Berango, Bilbo, Erandio, Getxo, Leioa, Portugalete, Santurtzi eta Sestao.

Egitasmoaren lehen fasean, 2023tik 2026ra bitartean garatuko dena, 600 bizikleta jarriko dira herritarren esku. Guztira 75 puntu izango dira bizikletak hartu eta uzteko eta bateriak kargatzeko. Egitasmo metropolitarra denez, erabiltzaileek egitasmoan parte hartzen duten udalerrien arteko joan-etorriak ere egin ahal izango dituzte. Lehen fase horretan 7,4 milioi euroko inbertsioa egingo da: udalek 5,2 milioi jarriko dituzte eta Aldundiak 2,2.

9 udalerri. 700.000 biztanle

Bizkaibizi egitasmoa osatzen duten bederatzi udalerrietan 700.000 biztanle baino gehiago bizi dira. Horien artean, gainera, Bilbo ere bada; Bizkaiko hiriburua da Lurralde Historikoaren barruan egiten diren joan-etorri gehienen irteera eta helmuga.

Bizkaibizi beste garraio publikoko sistema batzuekin osatu ahal izango da. Gainera, epe motzean bizikletaren erabilera erraztuko duten zenbait azpiegitura martxan jartzea espero da: Getxo eta Bilbo arteko bulebarra eta Erandio eta Barakaldo arteko zubia. Bestalde, 2023. urterako Bilbo eta Barakaldoko bidegorrien sarea konektatuta egotea espero da.