Zeri deritzogu esnea? Erantzuna hizkuntza edo erakundearen araberakoa da. Elikadura-kodeak dioenez: etxeko eme ugaztun osasuntsu eta ondo elikatutakoen jezte higieniko, erregular, oso eta etengabeko bete-beteko produktua, ez aldatua, ez aizundua eta oritzik gabea da. Beraz, edari begetalak ezin dira legalki «esne» deitu; salbuespena da arbendolekin prestatutakoa Europako Batzordeak erabakita (RG 1234/2007). Euskaltzaindiak, Real Academia Españolak, Académie françaisek eta Cambridge Academic Dictionaryk, ostera, onartzen dituzte: ama-esnea; eme ugaztunen ugatzek jariatzen duten likidoa (ahuntz-, ardi-, behi-esnea…); eta edari begetalak, hau da, landare, fruitu edo hazietatik lortutako zuku zuria, bere antzekotasunagatik.

Baina itxurek askotan engainatzen dute! Egia esan, nutrizionalki ez dute antzik, beraz, ez dira haren ordezkoak. Ondo pentsa ezazu: fruitu lehor (arbendol, hurra), lekale (soja), tuberkulu (bedaur) edota zerealetatik (arroza, oloa) ateratako urek, ezberdina izan behar dute nahitaez; eta, esan beharrik ez, esne-esnearekin alderatzen baditugu. Laktosa izateak, gantz motek eta zuntza kopuruak bereizten ditu bereiziki: animaliena laktosa (esnearen azukrea) eta kolesterola baitute eta zuntzik ez. Esne haterrek diotenez: edoskitzearen ondoren, beste ugaztun batzuen esnea edaten dugun bakarrak gara; naturaren aurkako jarrera dugula argudiatzen dute. Ez dutena azaltzen da edari begetal gehiengoak aberastuta datorrela —kimikoki erantsita—. Kaltzioa eta D bitaminak, esaterako. Ez zaizu arraroa iruditzen? Esnea hain txarra bada, zergatik nahi dute hain berdin izan? Bitxia benetan.

Bestelako esneek ere ez dute antzik haien artean: osoa eta gaingabetua; fresko eta esne-hauts; gordiña, VAT eta UHT. Gaur esne gantzari lotutako bi elikagarri azpimarratu nahi ditut (abere zoriontsuetan): D bitamina eta azido linoleiko konjugatua (CLA), osagai bioaktibo nahiko ezezagunak. Dietista-nutrizionistek ez dugu koipeez arnegatzen beti, arriskutsuak, soingaineko, industrial jatorrikoak baitira. Bata eta bestea, elkarrekin, edari berreskuratzailean bihurtzen dute erresistentzia-ariketetarako. CLA mantenugai klabea izango da aurrerantzean; bermatzeko, animalien elikadurak (zuhaina berdea) eta ukuilutik kanpoko artzaintzak, eragin handia dute, kopurua bikoiztuz edo hirukoiztuz. Elikagarri hauek gantzei lotuta daude, hau da, esne osoak ditu.
Urteak daramatzagu esnea defendatzen, baina gezurrak bi alboetan daude. Malaletxean jartzen nau, beraz, goazen harira: esnea gordiñik ez da gomendagarria. Esneak tratamendu termikoa jasaten du mikroorganismo patogenoez garbitzeko: e-coli, listeria edota salmonella, ez dira txantxetan ibiltzeko. UHTk segundo gutxi tenperatura altuetara jartzen du eta oso iraunkorra bilakatzen du. Pasteurizatuta edo esne freskoa deritzoguna (kaleko makinak) neurrizko tenperaturan denbora luzeago ematen du, beraz, 2-3 egunetan kontsumitu beharra dago; hala ere, bere abantailak ditu, hobeto digeritzen da, elikagarriak bermatzen ditu eta zaporetsuagoa da.

Elikadura lobbya, bi aldeetara aurkitu ditzakegu. Argi izan, edari begetalak ez direla ordezko, baina aukera ona izan daitezkeela zure dieta osatzeko. Eta esnea ez dela beharrezkoa, baina elikagarriz betetako edaria dela. –Orain ez ezazu izorratu kolakaoa gehituz!

Nerea Segura

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.