Azaroa heltzearekin batera azaroak 25aren harira idazten dugu sarri. Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da eta guztiok izan ohi dugu data garrantzitsu gisa. Ohikoak izaten dira kanpaina mediatikoak, kontzientziazioa, mezuak, erasoa jasanez gero non jaso daitekeen laguntza, etab. Balioan jartzen ditugu horrelakoak, gertakariak pairatzen dituen edonork akonpainamendua behar duelako eta kalitatezko prozesuak eman behar direlako. Era berean, emakumea ez berbiktimizatzea ezinbestekoa dela gogoratu nahi nuke. Zer gertatzen da, ordea, gizon gazteekin? Zein da horiei egokitzen zaien papera?

Bizi garen gizartea eredu heteropatriarkalean dago oinarritua eta jaiotzean dugun sexuaren arabera genero-rol batzuk ezartzen zaizkigu. Hau da, ‘berez’ atxikitzen diren zenbait ezaugarri, jarrera, portaera eta rol multzo, inertziaz, iraunarazi eta betikotzen direnak eta ditugunak.

Emakumea eta gizona, femeninoa eta maskulinoa. Edo emakume femeninoa eta gizon maskulinoak. Ustezko konbinazio guztiak sistema bitar horretara mugatzen dira eta bigarrenak ―gizontasun eta maskulinitate hegemonikoak― boterea du lehenaren aurrean. Gizonek indartsuak izan behar dute, harroak, ausartak, lehiakorrak eta ez dute negarrik egiten; emakumeak, aldiz, ahulak fidelak eta umilak. Sistema horrek nolabaiteko kaiolak sortzen ditu.

Eta galdetuko duzu, zein da horrek duen harremana indarkeriarekin? Zein harreman du horrek feminismoarekin? Indarkeria Matxistaren aurka erantzun integrala emateko gizarte bezala jokatu behar dugu. Lana zeharkakoa izanda eta bizitzako atal eta esparru guztietan eragina lortuz. Soilik horrela bermatuko da emakume eta gizonen arteko berdintasun erreala izatea eta soilik horrela emango zaie amaiera eredu maskulino tradizionalak sortutako arrakala eta zapalkuntzei.

Bide horretan gizonezkoek gizarteko esparru ezberdinetatik barneratutako ezaugarri, jarrera, portaera eta rol multzo horiei aurre egiteko mezu eta ekimenak jaso behar dituzte. Haiei ere bideratu behar zaizkie, interpelatuak sentitu behar dira.

Horiek, noski, ez dira ‘zuri’ eta ‘beltz’ eskeman oinarrituak egon behar. Ez da soilik mugatu behar “ez erasorik egin emakume bati emakume izateagatik” mezura. Ohiko maskulinitate eredua zalantzan jartzeko, horri buruz hausnarketak sortzeko eta lanketaren ondorioz bestelako ereduak sortzeko pausuak eman behar dira. Eta hor hezkidetzak sekulako garrantzia du.

Ildo horretan pasa den urriaren 2an eta 3an berdintasuna garatzeko maskulinitateei buruzko hitzaldia antolatu zuen Alboan gobernuz kanpoko erakundeak eta, ondoren, soilik gizonei zuzendutako lantegia eskaini zuen Erick Pescador soziologo eta sexologoak. Guretik gertuago Jokin Azpiazu adituak ‘Masculinidades y feminismos’ liburua argitaratu zuen 2017an eta Emakundek urteak darama lanean Gizonduz programarekin gizonak sexuen arteko berdintasunaren alde kontzientziatzeko eta beren parte-hartzea eta inplikazioa bultzatzeko.

Aukerak badaude, beraz, norberak lanketa propioak egiteko, baita gizonezkoen artean eztabaidatzeko ere. Gakoa zera da, nola egin mutil gazteak horietara gerturatzeko?

Azken urteotan bolo-bolo dabilen terminoa da hezkidetza eta hainbat hausnarketari atea ireki zaio. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluan ere ez gara kanpo geratu. Eta lantaldeetan, topaketetan edota galdetegietan ikusitakoaren ostean argi dugu emakume eta gizonen arteko berdintasun erreala lortzeko, emakumeen ahalduntzea bermatzeko eta maskulinitateak dakartzan rolak deseraikitzeko dugun tresnarik garrantzitsuenetakoa eta indartsuenetakoa dela hezkidetza.

Horregatik zeharkako balore bezala lantzea aldarrikatzen dugu, ez soilik esparru edo bolada batean. Era honetara egun bizi ditugun hainbat arazo errotik konponduko lirateke. Banakako lana da hein handi batean, bai, baina hobe dugu gizarte bezala ere estrategia bat osatzea. Neurriak hartzen jarraitzea ezinbestekoa da denori eragiten digun arazo honi amaiera ahalik eta azkarren eman ahal izateko.

Maialen Olabe
EGKko presidentea

SHARE

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.