Haurren Eskubideei buruzko hitzarmena garai teknologikora egokitzen da
© UN0352698

Ez dago inongo dudarik Internetek izugarrizko arrakasta duela, bai nagusi, gazte eta baita haurren artean ere. Bere erabilera gero eta handiagoa da, eta azken hilabeteetan erabilera hori are eta handiagoa izan da. Konfinamendu eta murrizketen ondorioz denbora gehiago pasatzen dugu pantailen aurrean, eta haurrek eta gazteek pasatzen duten denbora hori kontrolatzen ez bada arriskua egon daiteke. Ba al dakigu zer egiten duten gazteek pantaila aurrean daudenean? Seguru sentitzen al dira? Ba al dakite nora jo behar duten arazo bat dutenean? Haurren eskubideak zeintzuk diren badakizkigu, baina orain arte, hutsune bat egon da horren guztiaren inguruan. 

Haurren Eskubideei buruzko hitzarmena haurren eskubide guztiak batzen dituen ituna da. Historian gehien berretsi den giza eskubideen nazioarteko tratatua izan da, 195 estatuk sinatu baitzuten bertan agertzen diren eskubideak bermatuko direla. Ituna 1989an sinatu zenez gero, gaur egungo zenbait gai ez ditu jorratzen, hala nola, gai teknologikoak. Horregatik bizia duen dokumentu bezala egin zen, eta aldizka Haurren Eskubideen Batzordeak behaketak egiten ditu Hitzarmenaren arabera, haurren eskubideak egoki interpretatu eta aplikatzeko.

Eguneratu beharra

Haurren Eskubideen Batzordea aditu independenteen organoa da, eta bere estatu alderdiek Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenaren aplikazioa gainbegiratzen dute. Batzordeak, halaber, Konbentzioaren hiru hautazko protokoloen aplikazioa gainbegiratzen du. Protokolo horiek haurrek gatazka armatuetan duten parte-hartzeari, haurren salmentari, haurren prostituzioari eta pornografian duten erabilerari buruzkoak dira, baita komunikazio-prozedura bat jatorrizko herrialdean konpontzen ez diren haurren eskubideen urraketei buruzko kexak Batzordeari aurkezteko ere. Giza eskubideei buruzko xedapenen edukiaren interpretazioa ere argitaratzen du Batzordeak, gai tematikoei buruzko ohar orokor gisa, eta eztabaida orokorreko egunak antolatzen ditu.

Hitzarmena sinatu zenean teknologia eta Internet ez ziren gaur egun bezalakoak. Ezinezkoa zen imajinatzea sare sozialek izango zuten indarra, ospea edota arriskua. Horregatik 25. behaketa honetan, haurtzaroa eta gazteriaren eskubideak inguru teknologikoan bildu dira. Horri esker, haurrak eta gazteak inguru hori ezagutu, sustatu eta beren eskubideak bete daitezen eskatzeko aukera izango dute. 

Behaketa 3 urteko kontsulta-prozesu baten emaitza izan da. Prozesu horretan, 40 herrialdetako gobernuek, ehunka erakunde eta enpresek, 28 herrialdetako 50 adituk, eta, bereziki, mundu osoko 700 haur eta nerabek baino gehiagok parte hartu dute, beren kezkak eta ideiak azaltzeko.

Lanean jarraitzeko abiapuntua

Behaketa hau argitaratzeak ez du esan nahi kontsulta-prozesu baten amaiera denik bakarrik, baizik eta abiapuntua hainbat eragile (hezkuntza-erakundeak barne) inplikatzeko honako hauen garapenean:

  • Prebentzio- eta hezkuntza-neurriak, haurrei, haien familiei eta hezitzaileei zuzenduak, bai eta gizarte osoaren sentsibilizaziorako ere.
  • Ingurune digitalean haurren babesa sustatuko duten mekanismo legegileak eta politikoak, kontuan hartuta gizarte gisa ditugun aukerak, arriskuak eta erronkak, sareetan haurren eta nerabeen eskubideak gauzatzen direla bermatzeko.
  • Dokumentu horren bidez, tartean dauden erakunde eta pertsona guztiek (gobernuek, erakunde publiko eta pribatuek, familiek, hezitzaileek eta sektoreko enpresek) haurren eskubideak bermatuko dituzten errespetuzko politikak garatzea sustatzen da.

Zein eskubide bermatzen dira?

Ingurune digitalean haurren eta nerabeen eskubideen erabilera bermatzeko, honako hauek jasotzen ditu behaketak:

  • Ingurune digitalean haurren eskubideak sustatzen dituzten arauak eta erregulazioa garatzea.
  • Inplikatutako eragile guztiek arau horiek ezagutzen dituztela eta aplikatzen dituztela ziurtatzea: Gobernuko erakundeak, sektoreko enpresak, familiak, hezitzaileak eta haur eta nerabeak.
  • Haurrei entzutea Interneten edo sare sozialetan nabigatzeko arazoren bat dutenean.
  • Haurren eskubideak bermatzea lehentasunezkoa da online jarduera garatzean.
  • Online eremuan haurren eta nerabeen eskubideen urraketen aurrean erregulazio- eta kontrol-mekanismoak daudela ziurtatzea.
  • Haur eta nerabeei informazioa ematea agintariek ingurune digitalean beren eskubideak bermatzeko hartu dituzten neurriei buruz, eta haur eta nerabeak Interneteko nabigazioan eta plataforma digitalen erabileran seguru senti daitezen sustatzea.

Interneten inguruan UNICEFen lanean jarraitzen dugu Internet seguru bat lortzeko eta haurren eskubideak sareetan ere berma daitezen ziurtatzeko. Horretarako, Internet seguruaren Nazioarteko egunean, (otsaileko bigarren asteartea), hainbat aholku eta lan ildo argitaratu genituen, besteak beste: 

  • Gobernuekin lan egiteko konpromisoa, osasunaren, hezkuntzaren eta gizarte-zerbitzuen arloko langileak prestatzeko, COVID-19k haurren ongizatean izan ditzakeen ondorioei buruz, Internetek planteatzen dituen arrisku gehigarriak barne; 
  • Teknologiaren industriak eta sare sozialek Interneteko plataformetan segurtasun- eta babes-neurri hobetuak daudela bermatzea, irakasleek, familiek eta haurrek erraz eskura ditzaten. 
  • Sektore publikoaren eta pribatuaren aliatuekin lan egitea, kalitatezko hezkuntza eta trebetasunen garapena sustatzen duten eduki eta teknologia seguruen inbertsioak zabaltzeko, Hezkuntza Berrirudikatu eta GIGA bezalako ekimenen bidez.
  • Familiei laguntza eman seme-alabei Internetek eta teknologia digitalek dakartzaten arriskuak ulertzen lagun diezaieten, bai eta sarean egiten duten jardueraren ondorioz sor daitekeen edozein sufrimendu-zantzuri adi egon daitezen ere.
  • Eskoletan, haurrei etengabeko sarbidea eskaintzea orientazioko eskola-zerbitzuetan (baita formatu birtualean ere) eta osasun mentalarekin eta haurren babesarekin lotutako gaiak arautzen dituzten politiketan.

Eta arazo bat baldin badut, zer egin dezaket?

Beti ere, arazoren bat baldin baduzu, mehatxu edo erasoren bat jasotzen baduzu laguntza eskatu, bai etxean, eskolan edota gaur egun dauden hainbat erakunderengana jo dezakezu, baina ez duzu bakarrik pasatu behar. Hurrengo estekan gaur egun sortzen diren erasoak azaltzen dira eta bakoitzaren aurrean nola ekin eta nora jo dezakezun aurkituko duzu: unicef.org/es/end-violence/ciberacoso-que-es-y-como-detenerlo

Baita ere, hurrengo estekan quizz bat aurkituko duzu Interneten dauden arriskuei buruz dakizuna konprobatzeko.

UNICEF
Euskal Herriko Batzordea

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.