Amerikako Estatu Batuetan jatorria duten eta, hainbat kasutan, Amerikara joan ziren nafarren ondorengoak diren gazteen talde bat Nafarroan izan da hil honetan. Nagusiki Kaliforniatik eta Nevadatik etorri diren 16 eta 25 urte bitarteko gazteak, besteak beste, Iruñeko alde zaharrean, Erriberriko Errege Jauregian, Lesakan eta Amaiurreko Gazteluan izan dira.
Herritarrekiko Harremanetarako kontseilari Ana Ollok ere harrera egin die gazte horiei Nafarroako Jauregiko Tronu Aretoan. Kontseilariak, bisitaldiari esker, Nafarroako kultura, ohiturak, historia eta errealitate soziala barneratu ahal izatea opa die gazteei, zalantzarik gabe oso eragin positiboa izango duen lotura emozionala bultzatuz. Aldi berean, euskararen garrantzia azpimarratu die Ollok, “euskarak ere batzen gaituelako”. Kontseilariak gaineratu duenez, “euskara, zuen arbasoekin lotura izateaz gain, orainaren eta etorkizunaren altxorra ere bada, erakusteko eta transmititzeko modukoa, planetaren mutur batetik bestera, ingurune globalizatu batean”.
Amaitzeko, sailburuak gogorarazi du Europak gazteak ahaldundu, animatu eta aberastu nahi dituela, parte hartzeko aukera eta modu berriekin. Era berean, ziurtatu du erraza izango zaiela elkarguneak eta konexioak aurkitzea beraiekin kezkak partekatzen dituzten gazteekin.