Ruta al exilio-ko gazteek Nafarroako hainbat leku bisitatu dituzte

INJUVEk antolatzen duen egitasmo horren aurtengo leloa ‘Paisaiaren orbainak’ da eta lehenegoz Nafarroa bisitatu du.

16 eta 17 urteko 40 gaztek Memoriarekin lotutako Nafarroako hainbat toki zeharkatu dituzte hil honetan “Ruta al Exilio” jardueraren barruan. Aipatu egitasmoa Espainiako Gazteriaren Institutuak (INJUVE) antolatzen duen hezkuntza-proiektua da. Aurtengoa egitasmoaren hirugarren edizioa izan da eta lehenengoz Nafarroa bisitatu du. Izan ere, ‘Paisaiaren orbainak’ lelopean garatu den edizioak Nafarroako Memoriaren Institutuarekin lankidetzan garatu da ‘Memoria duten Eskolak’ programaren barruan.

‘Ruta al exilio’ programaren xedea da Espainiako historia berria belaunaldi gazteetara hurbiltzea, Espainiako erbestealdi errepublikanoaren oroimen-lekuetan zehar ibilaldiak eginez eta prestakuntza eta gizarte eta kultur jarduerak antolatuz. Gainera, egitasmoak iraganeko kontakizunen, oraingo gertaeren eta etorkizunean gerta litezkeen gertaeren artean loturak ezartzeko tresnak eskaini nahi dizkie gazteei. Bide batez, gazteen gizalegezko espiritua sustatu eta egun diren gatazketan haien parte-hartze aktiboa bultzatu nahi da.

Programan zehar, irakasleek, artistek eta gaian espezializatutako ikertzaileek eta tokiko hainbat eragilek emandako prestakuntza-tailerrak eskaini dira. Jarduera horiek hiru ardatzen inguruko proiektu sortzaileak garatzeko balio dute: erbestealdia, memoria eta identitatea. 

Ibilbidea

Penintsulako hainbat tokitatik etorritako parte-hartzaileek uztailaren 15ean hasi zuten ibilbidearen hirugarren edizioa. Sartagudako Memoriaren Parkea izan da bisitatu duten lehenengo lekua, Nafarroan halakotzat deklaratutako memoriaren lehen lekua.

Bigarrenik, Erreniegako gainera joan dira. Bertan, errepresio frankistaren biktimak oroitzeko monolitoa bisitatzeko aukera izan dute. Halaber, gerra zibilean eta hurrengo urteetan Nafarroako hiriburuan izan ziren atxilotze zentroak ezagutzeko aukera ere izan dute. Egitasmoan parte hartu duten gazteek interes historikoa duten beste zenbait leku enblematiko bisitatzeko aukera izan dute, hala nola San Kristobal gotorlekua, Botilen hilerria edo Legarreako leizea

Nafarroaz gain, egitasmoan parte hartzen ari diren gazteek Katalunia eta Frantziaren arteko Pirinioetako muga eta Mediterraneoko kostaldea ere bisitatzeko aukera izan dute.