Egilea: Jon Mikel Zabalegi
Argazkia: Shutterstock.com
Hitz kopurua: 287
Irakurketa denbora: 2 Minutu
Aita Noelen lera tiratzen duten elur-oreinak gabonetako sinbolo hutsa izatera irits litezke klima-aldaketak egun duen joerarekin jarraitzen badu. Izan ere, karibu izenarekin ere ezagunak diren Ipar Amerikako elur-oreinen populazioa % 80an murriztu daiteke 2100. urtera bitartean. Nazioarteko ikerketa batek ohartarazi duenez, azken 21.000 urteetan espezie horretako aleek inoiz ez bezalako galerak izan dituzte.
‘Science Advances’ aldizkarian argitaratu den ikerketak duela 21.000 urtetik hona elur-oreinen ugaritasunean eta banaketan izandako aldaketak berreraiki ditu fosilen, antzinako DNAren eta eredu informatikoen bidez. Adelaidako eta Kopenhageko unibertsitatetako ikerlariek osatutako lantaldeak erregistro historikoak etorkizunera begira egin diren proiekzioekin alderatu ditu eta egoera kezkagarria aurkitu du. Datuek agerian utzi dutenez, animalia horien populazioak nabarmen egin du behera berotze azkarreko aldietan, baina etorkizunera begira egindako proiekzioak oso etorkizun beltza azaltzen dute.
Ikertzaileek ikusi ahal izan dutenez, Ipar Amerikan bizi diren elur-oreinak dira zaurgarrienak. Talde horiek jada bere ugaritasunaren ia bi heren galdu dute azken hiru hamarkadetan. Ikerketaren buru izan den Elisabetta Canterik azaldu duenez, klima-aldaketaren eraginez espero daitezkeen galerak aurrekoak baino are gogorragoak izango dira, nahiz eta animalia hauek Izotz Aroaz geroztik Artikoko berotze gertaera ugaritan bizirik irauteko gai izan diren.
Elur-oreinak Artikoan funtsezkoak diren belarjaleak dira, ekosistemak orekatzen dituztelako eta herri indigena ugariren bizibideak sostengatzen dituztelako. Muturreko baldintzetara modu ezin hobean egokitzeko gai dira eta, horri esker, eskualdearen orekarako funtsezkoak diren funtzio ekologikoak betetzen dituzte. Ondorioz, animalia horien desagerpenak artikoko ekosistema osoan izango luke zuzeneko eragina. Tundraren landare-aniztasunari eusten diote landare batzuez elikatuz eta beste batzuen hazkundean eraginez. Desagertuz gero, aniztasun hori murriztu egingo litzateke, eta karbono gutxiago biltegiratuko litzateke Artikoko lurzoruetan.
Horregatik guztiagatik, ikertzaileek larrialdiko ekintza bat eta inbertsio handiagoak eskatu dituzte espezie hori babestu ahal izateko, bereziki, Ipar Amerikan.









