AMUGEk eta IMMEk irabazi dute 2024ko Berdintasunerako Emakunde Saria

Emakume ijitoekin eta emakume musulmanekin lan egiten duten bi erakunde horiek aurtengo saria partekatuko dute

Euskadiko Emakume Ijitoak Sustatzeko eta Ahalduntzeko Kulturarteko Elkarteak (AMUGE) eta Emakume Musulmanak Euskal Gizartean Integratzeko Elkarteak (IMME) jasoko dute aurtengo Berdintasunerako Emakunde Saria.

Epaimahaiak azaldu duenez, aipatu bi erakundeek aurtengo saria partekatuko dute izaera kolektiboa eta emakume ijitoek eta emakume musulmanek bizi dituzten diskriminazio mota anitzak ikusarazteko eta hauek artatzeko egindako lanagatik. Erakunde irabazleak zuzen lerrokatzen dira bai Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearekin, bai EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2030 Estrategiarekin, biek ikuspegi intersekzionala jasotzen baitute euren printzipioetan.

Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak berak azaldu duenez, bi elkarteek “erakunde publikoek izan behar duten ikuspegi intersekzionalari erantzuten diote”.

Intersekzionalitatea

Aurtengo sariak ikuspegi intersekzionalaren garrantzia nabarmentzen du, emakumeek bizi dituzten diskriminazio anitzak ikusarazteko ezinbestekoa baita. Elgarrestak azaldu duenez, “bi erakunde hauek argi erakusten digute emakumeak ez garela sartzen kategoria homogeneo batean. Eta bere lanarekin emakume ijito eta musulmanek jasaten dituzten diskriminazio mota desberdinak agerian jartzen laguntzen digute”.

Euskadiko Emakume Ijitoak Sustatzeko eta Ahalduntzeko Kulturarteko Elkartea kolektibo aitzindaria da ikuspegi feminista eta independente bateranzko aldaketa- eta bilakaera-prozesu bat gauzatzen, gizonen tutoretzatik aldenduz.

Emakume Musulmanak Euskal Gizartean Integratzeko Elkartearen lana emakumeen ahalduntze ekonomikoan du eragina, lan-trebetasunetan gaitzen baititu. Hezkuntza-programek haien prestakuntzarako eta alfabetatzeko aukera areagotu dute, eta emakume askoren eta haien familien etorkizunerako aukerak hobetu dituzte.

Advertisements