
Irakurketa denbora: Minutu 1
Elhuyarrek eta Donostia Kulturak antolatzen duten “Emakume zientzialarien argitan” solasaldi-zikloak hiru saio programatu ditu Donostian udaberri honetarako. Ziklo honen xede nagusia da emakumeek zientzia eta teknologia arloan egindako ekarpenei agerikotasuna ematea, historikoki emakumeen lana baztertuta geratu den eta gaur egun arte diskriminazioa mantentzen den sektore batean.
Saio guztiak Ernest Lluch kultur etxeko areto nagusian izango dira eta Elhuyarreko zientzia dibulgatzaile Ana Galarragak gidatuko ditu. Udaberriko programaziorako egun ditugun hiru erronka jorratuko dituzten hiru solasaldi antolatu dira eta, ohi bezala, horietako bakoitza emakume batek azalduko du.
Solasaldiak
Lehen hitzaldia, martxoaren 25ean, BC3 eta EHUko ikertzaile Elisa Sainz de Murietak eskainiko du. ‘Klima-larrialdia, ikuspegi sozioekonomikotik’ izenburua duen solasaldi horretan, zientzialari bizkaitarrak klima-aldaketaren eraginak eta egokitzeko neurriak ikuspegi sozioekonomikotik azalduko ditu.
Bigarren solasaldia, ‘Gure osasuna planetaren osasunera lotuta dago’ izenburukoa, Miren Basarasek eskainiko apirilaren 29an. Basarasek ibilbide luzea du EHUko irakasle eta ikertzaile gisa, eta ezaguna da bere dibulgazio-lanagatik, CAF-Elhuyar Saria bezalako hainbat aitorpen jaso dituelarik. Gaur egun mikrobiota ikertzen du, bereziki sexu-transmisiozko infekzioekin harremana duen hori.
Udaberriko ‘Emakume zientzialarien argitan’ zikloari amaiera emango dion hitzaldia Mirene Begiristainek eskainiko du maiatzaren 20an. ‘Elikadura-burujabetza, agroekologiatik eta feminismotik’ hitzaldian Begiristainek nekazaritza eta elikadura-sistemak agroekologiaren eta feminismoaren ikuspegitik aztertuko ditu.
Solasaldi guztiak euskaraz egingo dira, eta bertaratzerik ez dutenentzat, audioak gerora eskuragarri egongo dira Donostia Kulturaren DK Irratiko podcastetan eta Elhuyarrek kudeatzen duen zientzia.eus webgunean.