Pertsona bakoitzak bere bizi-proiektua eraikitzen badu ere, bere esku ez dauden hainbat faktorek eragiten dute, besteak beste: bizi den lekua, uneko egoera sozioekonomikoa, onartzen diren eskubideak edo horiek bermatzeko ezartzen diren neurriak. Horregatik dute halako garrantzia administrazioetatik garatzen diren politika publikoek eta horiek diseinatzerako orduan prozesua ahalik eta parte-hartzaileena izateak.
Horrela esanda hitz hutsak edo topa modura egindako nahiak dirudite eta, gainera, askotan errepikatu ohi dira. Zoritxarrez bide beretik jarraitu beharko da benetan egiten ez den bitartean. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluan gazteoi bideratutako neurrietan nabarmenki ikusi dugu: deialdia eta metodologia egokitu denean eta prozesuak eragina izango duela bermatu denean —hau da, ez dela soilik zuriketa lan bat eta oinarrian asmo zintzoa dagoela— gazteok erantzun dugu.
Duela aste gutxi Eustatek Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde, Plangintza eta Etxebizitza Sailaren datuak aztertuta egoera larria irudikatu zuen: Alokairu pribatuaren batez besteko prezioa 1.047€koa da, duela urtebete baino ia 100€ gehiago. Lurraldeka aztertuz, egoera are larriagoa da Gipuzkoan (1.257€). Egun gazteok ditugun soldatekin —batez beste 1.093€ Gazteen Euskal Behatokiaren azken datuen arabera—, argi dago emantzipaziorako gomendatzen diren gastu kopuruetatik oso urrun gaudela. Izan ere, adituen arabera % 30 bideratu behar da eta % 40a jada gainesfortzu ekonomikoa da. Atera kontuak; batez beste ia % 70 bideratzen dugula jakinda.
Emantzipatzeko eredu berritzaileak
Egoera horren aurrean, enplegu eta etxebizitza gaiak jorratzen dituen Emantzipa… Zer? lantaldean bestelako neurrien bila gabiltza. Gaia landu eta gazteon iritzi, proposamen, ideia eta beharretatik oinarrituta administrazioari horiek helaraztea da gure asmoa, gerora politiketan eragina izateko.
Bide horretan, 2018an #EuroEmantzipatu proiektuaren bitartez Europan garatutako emantzipatzeko ereduak aztertu genituen, batik bat herrialde eskandinaviarretako (Suedia, Finlandia, Norvegia edo Danimarka) eredu sozialdemokrata Jordi Bosch adituaren eskutik.
2019an bolo-bolo ibili den gentrifikazio terminoa ardatz nagusietako bat izan dugu, aditu askok diotenez hasieran aipatutako turistifikazioak eragindako fenomenoa. Gazteen Euskal Behatokiaren arabera pertsonek “espekulazioak, turismoak eta beste faktore batzuek eragindako prezio-igoerari aurre egin” ezin diotenez, “hirietatik, eta gehien-gehienetan, hiriguneetatik kanpora” joan behar izaten dute. Eta Lisa Vollmer aditu alemaniarrak Berlin eta New Yorkeko kasuak aztertu ditu doktoretza tesirako. Ondorio nagusiak Strategien Gegen Gentrifizierung (Gentrifikazioaren aurkako estrategia) liburuan bildu ditu.
Fenomeno hori ukaezina da eta aipatutako lanek erakusten dute errealitatea aztertzerakoan eta identifikatutako arazoei irtenbidea emateko diseinatuko diren politika publikoetan kontuan izan behar dela. Izan ere, egun ditugun lan baldintza eta soldaten ondorioz, gazteoi modu zuzenean eragiten digu. Bereziki, alokairu prezio altuei aurre egin ezin diegulako. Ondorioz, beste eremu batzuetara alde egin behar dugu.
Eta gazteon nahiak, zer?
Hasieran esan bezala, gure esku ez dauden hainbat faktorek ere eragina dute. Baina bestelako asko bideratu daitezke. Esaterako, azken urteotan ‘turistifikazio’ bezala deitu den fenomenoa, horren ondorio bezala aipatutako gentrifikazioa edo emantzipatzeko eredu berritzaileak. 2018 amaieran #GaztEmantzipazioa topaketan hasi ginen aztertzen eta 2019ko urrian Gasteizen eta azaroan Donostian egingo ditugun ekitaldietan jarraituko dugu. Besteak beste, Abaraska Etxebizitza Kooperatiboa, UPV/EHUko belaunaldi arteko elkarbizitzarako programa, pisu solidarioak eta co-housinga, KuVu elkarteak sustatuko programa edo Usurbilgo, Donostiako eta Gasteizko udalek bultzatutakoak lehen eskutik ezagutu ditugu.
Testuinguru eta esperientzia horiek topaketetan lasaiago aztertuko ditugu eta, ostean, metodologia parte-hartzaileen bitartez hobetze-proposamenak garatu.
Maialen Olabe
EGKko presidentea