Nafarroako 5.400 heldu baino gehiago ari dira euskara ikasten ikasturte honetan

Hasierako mailak % 54ko igoera izan du matrikulan, euskara eskuratzeko oztopoak kentzeko laguntzen indartzearekin batera

  Egilea: Oier Zabalegi
  Argazkia: Mikel Saiz
  Hitz kopurua: 653
  Irakurketa denbora: 3 Minutu

Gero eta gehiago dira Nafarroan euskara ikastera animatzen diren pertsona helduak. Euskaltegi publikoetan eta ekimen sozialeko euskaltegietan izan den matrikulazioak gorakada handia izan du ikasturte honetan. Izan ere, aurreko ikasturtearekin alderatuta, matrikulazioa % 32an hazi da eta, hortaz, 5.443 ikasle dira aipatu euskaltegietan izena eman dutenak. Hasierako mailan (A1) izena eman duten ikasleen artean, gainera, igoera ara handiagoa izan da, aurreko ikasturtearekin alderatuta, igoera % 54koa izan baita.

Hazkunde handi horren arrazoiei buruz galdetuta, Euskarabideak azaldu duenez, igoerak euskara ikasteko laguntzak indartzearekin zerikusi handia du. Helburua garbia da: euskara ikasteko izan daitezkeen oztopo ekonomikoak ezabatu progresiboki erabateko doakotasunera iristeko.

2.091 pertsona zerotik hasi dira

Ezagutzera eman diren ia datu guztiak oso positiboak dira, baina bereziki, zerotik euskara ikasten hasi diren ikasleen ingurukoak. Adibidez, pasa den urteko irailean 1.355 ikasle hasi ziren A1 mailan euskara ikasten. Aurten, berriz, 2.091 izan dira maila horretan izena eman duten ikasleak. Hau da, ikasturte bakar batean 700 ikasle gehiagok aurrerapausoa eman dute eta erabaki dute (ia) euskara zerotik ikastea.



Gainera, hazkunde hori ez da Nafarroako eskualde zehatz batera mugatu eta ia eskualde guztietan ematen den joera dela ikus daiteke. Ildo berean, Estatuko beste autonomia erkidegoetan eta atzerrian jatorria duten ikasleen kopurua ere nabarmen hazi da. Azken datu horrek erakusten du euskararekiko interesa hura entzunez hazi direnengandik haratago doala.

Laguntzen garrantzia

Euskaraz hitz egiteko gai diren hiztun berriak lortzeko funtsezko bide gisa, Nafarroako Gobernuaren Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak helduen hezkuntzaren aldeko apustu sendoa egiten jarraitzen du. Estrategia horrek bi ardatz nagusi ditu: alde batetik, sentsibilizazio-kanpainak euskarari prestigioa emateko; eta, bestetik, ikasleei zein euskaltegiei bideratutako laguntza ekonomikoak.



Apustu horrek eragin zuzena izan du hainbat datutan. Adibidez, 2026an Euskarabideak euskara ikasten ari diren pertsona helduak laguntzeko bideratuko duen aurrekontua 560.000 eurotik 968.000 eurora pasatuko da. Hau da, urtebete eskas batean aurrekontua ia bikoiztu egingo da. Gainera, eskaeren igoera handiari aurre egiteko eta A1 mailan matrikulen erabateko doakotasuna lortzeko, 2026ko laguntza deialdian modalitate berri bat jarriko da martxan. Pasa den ikasturtean maila horretan izan ziren ikasleek modalitate berri horren inguruko informazio zehatza jasoko dute beren euskaltegien eta Euskarabidearen bidez.

Euskara Ahora

Ikasturte berriarekin batera, 16 urtetik gorako pertsonen artean euskararen ikaskuntza sustatzea helburu duen ‘Euskara Ahora’ kanpaina jarri zen martxan. Bertan, Euskarabidearekin batera, 34 toki-erakunde eta Zubiarte euskaltegi publikoa, hizkuntza-eskola ofizialak eta AEK, IKA eta Bai&By erakundetako euskaltegiak parte hartzen ari dira.

Euskarabideatik azaldu dutenez, euskara sustatzeko estrategiaren alderdi nagusietako bat administrazio publikoen eta gizarte zibilaren arteko elkarlana da. Nafarroako Gobernuaren eta hainbat toki entitateren bultzada eta finantzazioa, euskaltegien lanarekin batera, funtsezkoak dira jada derrigorrezko eskolatze adinean ez dauden nafarrek euskara ikasi ahal izan dezaten eta euskaratik eratorritako aukera guztiak eskura ditzaten: sozializazioa, integrazioa, laboralak, kulturalak, etab.

Arinki bada ere, euskara hazten ari da Nafarroan

Nastat-ek emandako azken datuen arabera, hiru urtetik gorak nafar biztanleriaren laurden batek baino gehiagok (% 26,7k) euskararen nolabaiteko ezagutzaren bat du. Kopuru absolutuetan, horrek esan nahi du 170.000 nafar inguruk dutela euskararen nolabaiteko ezagutzaren bat. Arinki bada ere, kopuru horrek gora egiten du urtez urte, bereziki, bi arrazoiri esker: pertsona helduen alfabetizazioa eta haur eta gazteen hezkuntza D ereduaren bidez.



Nafarroako Gobernuak bi ildo horien aldeko apustuari eusten dio, hiztun berriak berreskuratu eta finkatzeko oinarrizko estrategia gisa. Azken ikasturteetan, euskaltegietako matrikulek gora egin dute urtez urte, eta orain arte bildu diren behin betiko datuek erakusten dutenez, igoera progresiboa baten aurrean ez ezik, benetako jauzi kuantitatibo eta kualitatibo baten aurrean ere gaude.

Animatuko al zara euskara ikastera?

Hortaz, Nafarroako Gobernuak, Euskarabidearen bidez, oraindik euskara ez dakiten eta jakin nahiko luketen 16 urtetik gorako herritar guztiak animatu nahi ditu euskara ikastera. Hil honetan bertan zabalduko den matrikulazio-epea berria aukera ezin hobea izan daiteke euskara ikasten hasteko edo jarraitzeko.

Gainera, Ingura online plataformari esker, euskara nonahi eta noiznahi ikas daiteke. POCTEFA 2021-27 deialdiaren barruan Eusguneak egitasmoari esker garatutako plataforma honek euskarazko A1 eta A2 mailak modu erosoan eta online ikaskuntzaren azken berrikuntzekin ikasteko aukera ematen du.