
Irakurketa denbora: 3 minutu
Chat GPT, Midjourney edo Bing nafar gazteen eguneroko bizitzan gero eta presenteago dauden izenak dira. Adimen artifiziala (AA) haien bizitzan sartu da eta eguneroko zereginak optimizatzeko zein ikasketa eta lan jardueretarako erabiltzen dute. Hala ere, eta nahiz eta abantaila handiak ikusi, nafar gazteak kezkatuta agertzen dira teknologia honek izan litzakeen eragin negatiboekin, bereziki izan daitezkeen enplegu-galerekin, gizartearen deshumanizazioarekin eta gizarte-kontrol tresna gisa izan dezakeen erabilerarekin. Hauek dira, hain zuzen ere, “Nafarroako Gazteen AAren eta Interakzioen Eraikuntza Sozial eta Sinbolikoa” izenburuko ikerketatik ateratako ondorio nagusiak. Ikerketa hau gazteen bizitzako hamar esparru ezberdinetan AAk duen eragina aztertzen duen ikerketa aitzindaria da. Ikerketaren emaitzak Nafarroa osoko adin eta ikasketa-maila ezberdinetako 50 gazteren erantzunetan oinarritzen da.
Nafarroako Gazteriaren Institutuak eskatuta, Nafarroako Soziologia eta Politologia Elkargoak egindako ikerketak agerian uzten duenez, gazteek AA egunero erabiltzen duten arren, teknologia horren funtzionamenduaren inguruan ezer gutxi dakite. Izan ere, teknologia horren inguruan duten ezagutza, gehienbat, azalekoa eta mugatua da eta, kasu gehienetan, ez dute beren bizitzan izan dezakeen inplikazioa ulertzen.
Gazte gehienek jakin gabe erabiltzen dute teknologia hau. Nolanahi ere, AA gure bizitzako esparru gehienetara zabaldu da: sare sozialak, ikus-entzunezkoen plataformak, Interneteko bilatzaileak… Badira noski, AAren inguruko ezagutza-maila altuagoa duten gazteak. Kasu horretan, gazte horiek eguneroko zereginetarako, ikasketetarako edo lanerako erabiltzen dute AA. Teknologia honen garrantzia esanguratsua da, kontuan hartuta, “Nafarroako gazteen 2022 inkesta”ren arabera, nafar gazteek egunean batez beste 3,9 ordu ematen dituztela pantailen aurrean.
Alderdi positiboan, ikerketak azpimarratzen du AAk prozesuak automatizatzeko eta ohiko zereginetan eraginkortasuna handitzeko duen gaitasuna. Parte-hartzaileek aitortzen dute teknologia horrek denbora eta baliabideak askatzeko duen potentziala, sormen handiagoko eta balio erantsi handiagoko jardueretara bideratu ahal izateko.
Hala ere, teknologia horrek beldurra eta kezka ere eragiten ditu. AAk enplegua suntsi eta soldatak murriztu ditzakeen beldur dira gazteak. Ikuspegi ekonomiko hutsetik haratago, AAk gure gizartea eredu hotzago eta urrunago baterantz alda dezakeen beldur dira gazteak, ahaztu gabe, noski, Anaia Handi gisa joka dezakeen papera. Halaber, uste dute tresna horiekiko gehiegizko mendekotasunak oinarrizko trebetasunak higa ditzakeela, hala nola arazoak modu autonomoan konpontzea eta pentsamendu kritikoa.
Prestakuntza falta
Gazteek faltan botatzen dituzte AA hobeto ulertu eta erabiltzeko lagundu diezaieketen ikastaroak. Txostenean agerian geratu denez, teknologia erabiltzen ikasteaz gain, gazteek horren inplikazio etiko, sozial eta laboralak ere ulertu nahi dituzte. Inplikazio horien artean gehien aipatzen dena lan munduan izan dezakeen inpaktua da. Horrela, elkarrizketatutako gazte gehienak AAk enpleguak ezabatuko dituenaren beldur dira, nahiz eta, aldi berean aitortzen duten AAk lan-aukera berriak sortzeko potentziala ere baduela.
Ikerketak ere adierazten du sare sozialak, AAko algoritmoen bidez indartuta, harremanak izateko modua aldatzen ari direla. Hainbat kasutan, gainera, aldaketa horiek ez dira onerako. Askok aitortzen dute pantailei “lotuta” sentitzen direla eta antsietatea dutela like-ak eta iruzkinak lortzeko. Horrela, elkarren artean konektatzeko baliagarria izan beharko zukeen teknologiak, hainbat kasutan, bakardadea eta antsietatea eragiten du. Hortaz, gazteek AArekiko duten harremana bikoitza dela esan daiteke. Alde batetik, eskertzen da eguneroko zereginetan ematen duen laguntza. Bestetik, sortzen duen informazio kantitateaz gainezka sentitzen dira.
Ikerketak, ondorio gisa, agerian uzten du AA hobeto ulertu behar dela. Ez da nahikoa erabiltzea; bizitzaren alderdi guztietan duen eragina ulertu behar da.