Nafarroako Gobernuak Ruta 31ren kanpaina berria aurkeztu du. Ekintzailetzarako doako laguntza-zerbitzu hau Nafarroako Enplegu Zerbitzuak – Nafar Lansarek (SNE-NL) finantzatzen du eta Nafarroako Enpresa eta Berrikuntzarako Europako Zentroak (CEIN) kudeatzen du. ‘Zure talentua, zure negozioa’ lelopean, ekimenak norberaren esperientzia profesionala enpresa-proiektu berri bihurtzera gonbidatzen du.
2022tik eta 2026ko uztailaren 31ra bitartean, Ruta 31 zerbitzuak 1.843 proiekturi eman dio laguntza, 415 enpresa sortzen lagundu du eta 505 lanpostu sortu ditu. Zerbitzua negozio-ideia bat aztertu edo enpresa bat abian jartzen aurrera egin nahi duen edozein pertsonari zuzenduta dago.
415 enpresa sortu dira 2022tik
Esther Fernández Razquin Nafar Lansareko (SNE-NL) zuzendari kudeatzaileak negozio-ideia duten pertsonak programara hurbiltzera animatu ditu. Bestalde, Uxue Itoiz CEINeko zuzendari kudeatzaileak nabarmendu du aditu-taldeak aholkularitza eta konfiantza eskaintzen dizkiela ekintzaileei.
Ruta 31 zerbitzuak 1.843 proiekturi eman dio laguntza, 415 enpresa sortzen lagundu du eta 505 lanpostu sortu ditu
Kanpainak Ruta 31 zerbitzutik igaro ondoren bere negozioa abian duten lau pertsonaren lekukotzak biltzen ditu. Horien artean daude Augusto Vargas biokimikaria, First Assay enpresaren sortzailea, eta Paola Urdaci psikologoa, gazte eta helduen antsietate- eta estres-prozesuetan aditua.
Enpresa sortu ondorengo laguntza
Laguntza ez da enpresa eratzearekin batera amaitzen. Ondoren ere, CEINek taldeko prestakuntza eta banakako tutoretzak eskaintzen ditu kudeaketa, salmenta eta finantza arloetan jardueraren lehen hilabeteetan; izan ere, horixe da edozein negozio berriren etaparik kritikoena.
Gainera, SNE-NLk koordinatzen duen Nafarroako Ekintzailetza Sareak 1.815 pertsonari eman die arreta 2026an (% 52 emakumeak). SNE-NLk, halaber, % 12 igo ditu autonomoentzako dirulaguntzak, 3,35 milioi euroraino, eta laguntza berri bat sortu du lehen langilea kontratatzen dutenentzat.

Ruta 31 eta Nafarroako Ekintzailetza Sarearen gakoak
- 2022tik lagundutako proiektuak: 1.843
- Sortutako enpresak: 415
- Sortutako lanpostuak: 505
- Nafarroako Ekintzailetza Sareak 2026an artatutako pertsonak: 1.815 (% 52 emakumeak)
- Azkenean enpresa sortzen dutenen ehunekoa: % 25 inguru
- RETA araubideko autonomoentzako dirulaguntzen aurrekontua: 3,35 milioi euro (% 12 gehiago 2025arekin alderatuta)
- Informazio gehiago: navarraemprende.com








