Abian da gazteria arloko unibertsitate-lan onenak aintzatesten dituen sariketaren V. edizioa

Nafarroako Gazteriaren Institutuak antolatzen duen sariketa hauetan lanak aurkezteko epea datorren urriaren 1era arte egongo da zabalik

  Egilea: Jon Mikel Zabalegi
  Argazkia: shutterstock.com
  Hitz kopurua: 383
  Irakurketa denbora: 2 Minutu

Nafarroako Gazteriaren Institutuak (NGI) Nafarroako gazteriarekin harremana duten Gradu eta Master Amaierako lan onenak aintzatesten dituen sariketaren V. edizioa jarri du abian. Hautagaitzak aurkezteko epea zabalik izango da urriaren 1era arte. Izen-emateak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gazteriaren Institutuko Erregistroan eta Nafarroako Gobernuko edozein erregistro bulegotan egin ahal izango dira berariazko eskabidearen eredua jarraituz.

Aurkezten diren lanek, berariaz, 14 eta 30 urte bitarteko gazteak izan beharko dituzte ardatz eta Nafarroako gazteriaren inguruko edukiak edo ondorio esanguratsuak aurkeztu beharko dituzte. Lanek humanitateen ezagutzaren eta gizarte zientzien ezagutzaren esparruan, soziologia, hezkuntza, psikologia, ekonomia, zuzenbidea, gizarte-lana edo komunikazioa bezalako gaiak barne hartu ahal izango dituzte.

Gradu amaierako eta Master amaierako lanak

Kategoria bakoitzeko irabazleak (GRAL eta MAL) 1.500 euroko saria jasoko du. Era berean, kategoria bakoitzean 500 euroko akzesit bat ere banatuko da. Irabazleen izenak Nafarroako Gazteriaren Institutuaren webgunearen eta sare sozialen bidez emango da ezagutzera.



Sariketa honetan parte hartu ahal izango dute Nafarroan erroldatuta dauden eta gazte txartela duten 30 urtetik beherako gazteek. Aurkezten diren lanek 2024/25 ikasturtean defendatutakoak izan beharko dute, baina ez da ezinbesteko baldintza Nafarroako unibertsitate batean aurkeztua izatea.

Gradu Amaierako Lan onenaren eta Master Amaiera Lan onenaren irabazleek 1.500 euroko saria jasoko dute. Gainera, kategoria bakoitzean 500 euroko akzesita egongo da.

Aurkezten diren lanak jatorrizkoak izango dira eta, gutxienez, 8 puntuko nota izan beharko dute. Ezin izango dute sariketa honetan parte hartu beste lehiaketa batzuetan sarituak izan diren edo sariketa honetako aurreko edizioetan parte hartu duten lanek. Lanak gaztelaniaz zein euskaraz aurkeztu ahal izango dira.

Epaimahaiak aurkeztutako lan guztiak ebaluatuko ditu irizpide hauen arabera:

  • kalitate teknikoa eta kontzeptu- eta metodologia-zorroztasuna (50 puntu)
  • azterlanaren garrantzia (15 puntu)
  • Garapen Jasangarriko Helburuekiko lotura (10 puntu)
  • proiektuaren bideragarritasuna (10 puntu)
  • bideoaren azalpenaren argitasuna eta originaltasuna (10 puntu)
  • ondorioak eta gomendioak (10 puntu)

Lanek 100 puntu lortu ahal izango dituzte gehienez, eta 50 puntu izango dira saria eskuratzeko eskatzen den gutxieneko puntuazioa. Kategoria bakoitzean puntu gehien lortzen dituzten lanak izango dira lehen saria eta akzesita jasoko dituztenak, hurrenez hurren. Aurkeztutako lanek eskatutako kalitate- eta gai-irizpideak beteko ez balituzte, epaimahaiak saria eman gabe uzteko eskubidea izango du.



Sari hauen helburua da gazteek egindako gazteen eta haien errealitate ezberdinen inguruko ikerketa sustatzea, bereziki, Nafarroakoei arreta emanez. Gazteriari buruzko ikuspegi eta ezagutza berriak emango dituzten ikasketa akademiko zorrotz eta garrantzitsuak sortzea sustatuz, gazte politikak hobetzen eta Nafarroako gazteen beharrei eta itxaropenei erantzungo dieten programak garatzen laguntzea nahi da.