
Irakurketa denbora: 2 Minutu
Mendeetan zehar, alkimistak beruna bezalako metal astunak urre bihurtzeko gai omen zen “filosofoen harria” aurkitzen saiatu ziren. Ez dirudi lortu zutenik. Horregatik CERNek berriki iragarri duen lorpena garrantzitsutzat jo behar da. Izan ere, Ikerketa Nuklearrerako Europako Kontseiluak (CERN) erakutsi du ametsa errealitate bihurtu daitekeela, baina ez Erdi Aroan irudikatzen zuten era magikoan.
Berriki ezagutzera eman denez, CERNeko zientzialariek, 27 kilometroko diametroarekin munduko partikula-azeleratzaile handiena den Hadroien Talkagailu Handia (LHC) erabiliz, beruna urre bilakatzea lortu dute. Kontua da lorpen hori maila subatomikoan eta oso denbora tarte laburrean bakarrik eman dela. Zientzialariek azaldu dutenez, metal preziatua “oso denbora tarte txikian existitu da”. Gainera, sortutako kopurua “bitxi bat egiteko beharko liratekeena baino bilioi bat aldiz txikiagoa da”. Esperimentuaren xehetasun guztiak Physical Review C aldizkarian argitaratu dira.
Oso abiadura azkarrean
Fenomeno hori lortzeko, LHC talkagailuan zehar argiaren abiaduraren % 99,999993ra bidaiatzen duten berun-nukleoen arteko elkarrekintzak erabili dituzte. Berun nukleoak 82 protoi ditu, baina abiadura eta energia altuetan beste nukleo batzuetara hurbiltzean, nukleo horrekin elkarri eragiteko eta hiru protoi kanporatzeko gai diren fotoiak sortzen dira. Modu horretan, urrearen nukleoak dituen 79 protoiak lor daitezke. ALICE (A Large Ion Collider Experiment) esperimentuaren gunean egindako neurketek adierazten dutenez, elkarrekintza horietan segundo bakoitzeko 89.000 urre-nukleo inguru sor daitezke. Kopuru handia dirudien arren, esperimentu horren bidez urrezko gramo baten bilioiren bat baino ez da lortu.
Elkarrekintza horietan ez da beti fotoi kopuru bera “kanporatzen”. Ondorioz, prozesu horietan talioa (protoi bakarra galtzen bada) edo merkurioa (bi galtzen direnean) bezalako elementuak ere sortu dira.
“Erdi Aroko alkimisten ametsa teknikoki bete bada ere, aberastasun-itxaropenak berriro ere zapuztuko lirateke”, adierazi du ironiaz ikerketa-zentroak. Izan ere, esperimentuak erakutsi duenez, horrelako esperimentuek, interes ekonomikoa baino, interes esperimentala dute.
Kimika modernoak frogatu duenez, beruna ezin da urre bihurtu prozedura kimiko baten bidez. Hala ere, fisika nuklearrak baieztapen hori zehaztu zuen, eta metal astunak beste elementu batzuetan bilaka daitezkeela frogatu zuen, bai naturalki desintegrazio erradioaktiboaren bidez, bai laborategian neutroiak edo protoiak bonbardatuta.