
Irakurketa denbora: 2 Minutu
Harreman sexu-afektibo gehienetan izan ohi den mehatxu edo beldur handiena desleialtasunarena da. Zaila da desleialtasunaren definizio zehatz bat ematea, bikote harreman ezberdinak daudelako eta batean onartezina edo ulergaitza dena beste batean onargarria izan daitekeelako. Hala ere, funtsean, bikoteko kideen artean aldez aurretik hitzartutako akordioa hausten duen edozein egintza desleialtasuna dela esan daiteke. Haustura horien ezaugarriak, normalean, lohikeria, traizioa, gezurra eta ezkutaketa dira eta hirugarren pertsona baten parte-hartzea ere izan ohi da.
Desleialtasuna mundu osoan gertatzen den fenomeno orokor bat da. Ikerketa ezberdinen arabera, biztanleriaren % 40 inguru desleiala da. Psikologo klinikoen kontsulten ehuneko handi bat gai horren ingurukoak dira.
Kontuan hartu behar da desleialtasuna ez dela gizakion biologian errotutako zerbait. Aitzitik, borondatezko erabaki bat da, askatasunez hartzen dena. Bikotekidearekiko hartzen dugun konpromisoa eta hori hausteko erabakia borondatezkoa da, fideltasuna gizarte-eraikuntza bat baita. Izan ere, arraroa iruditu dakigukeen arren, giza espeziea banatzen den gizarte gehienak poligamoak dira.
Adituek azaltzen dutenez, leialtasuna modu naturalean sortu ohi da harreman sexu-afektiboetan. Gure gizartean, adibidez, harreman ‘serioen’ ezaugarri nagusietako bat da. Konpromiso horrek beste pertsonekin harremanak izateko aukera kentzen digu, baina, aldi berean, oinarri afektibo-sexual seguru bat ematen digu.
Leialtasunari dagokionez, bi mota berezi daitezke: positiboa eta negatiboa. Leialtasun positiboaren adibiderik garbiena maitemintze fasea dugu. Gustuko dugun pertsona hori ezagutzen ari garenean ez dugu beste pertsonentzako begirik eta gure espazio afektibo sexual osoa hartzen du. Leialtasun positiboa arrazionala ere izan daiteke eta arrazoian, lanean eta autokontrolean oinarritzen da.
Leialtasun negatiboaren kasuan, berriz, beldurra da nagusi eta behar edo interes pertsonal, ekonomiko edo sozialetan oinarritzen da.
Desleialtasuna ere bi multzotan bana daiteke: sexuala eta emozionala. Kasu honetan, gauza bitxia gertatzen da. Izan ere, ikerketa ezberdinek ondorioztatu dutenez, gizonei gogaikarriagoa egiten zaie desleialtasun emozionala (bikotekideak lotura emozionalen bat sortzea hirugarren pertsona batekin), eta emakumeei, berriz, desleialtasun sexuala.