Egilea: Jon Mikel Zabalegi
Argazkia: Shutterstock.com
Hitz kopurua: 264
Irakurketa denbora: Minutu 1
Abenduaren 5ean izan zen Boluntariotzaren Nazioarteko Egunaren ildora Gazteen Euskal Behatokiak ezagutzera eman dituen datuen arabera, EAEko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 14,9 boluntariotza lanak egiten ari da gaur egun. Kopuru hori inoiz erregistratu den kopururik handiena da eta 2008an erregistratutakoaren bikoitza da.
Gainera, aipatu adin-taldeko gazteen % 44,7 boluntariotza-jardueretan aritu da noizbait. 25-29 urte bitartekoen artean, berriz, kopuru hori % 54,1era iristen da.
Aurkeztu berri den “Gazteak eta boluntariotza. Euskadi 2025” txostenean jasotako datuen arabera, emakume gazteek (% 48,4) gizon gazteek (% 41,3) baino joera handiagoa dute boluntariotza-jardueretan aritzeko.
Konpromisoari dagokionez, boluntariotzan esperientzia duten gazteen % 58,2k gutxienez hilean behin lagundu du eta horien artean, % 37,9k, astero.
Jarduera eremuak
Boluntario lanak egiten dituzten gazteek, nagusiki, pertsonen ongizatearekin, kohesio komunitarioarekin eta komunitate inklusibo bat eraikitzearekin lotutako eremuetan lan egiten dute. Boluntarioen ia erdiak (% 48,2k) haur eta gazteen eremuan egin ditu boluntariotza-lanak. % 22,7k, berriz, pobrezia, garapenerako lankidetza eta migratzaileen laguntza esparruan egin du lan.
Kulturan, ondare artistikoan edo kulturalean eta euskaran lan egiten duten gazte boluntarioen % 19,3koa da. Azkenik, ekologiaren eta ingurumenaren esparruan lan egin duten gazte boluntarioen kopurua % 15,7koa da eta adinekoekin lan egin dutenena % 13,6.
Aipatu eremu horiez gain, badira % 10era iristen ez diren beste hainbat, hala nola, osasuna eta menpekotasunak, larrialdiak eta animalien babesa. Ehunekoek aditzera ematen dutenez, gazte askok, hamarretik lauk, eremu batean baino gehiagotan parte hartzen du.
“Gazteen Euskal Behatokiak emandako materialak gure gazteen inplikazio solidarioaren erradiografia oso argia eskaintzen du. Bereziki esanguratsua da gazteen ia erdiek boluntariotzan esperientzia izatea”, adierazi du Gazteria eta Emantzipazio zuzendari Adrián López Sarachaga.








