
Egilea: Jon Mikel Zabalegi
Argazkia: shutterstock.com
Hitz kopurua: 319
Irakurketa denbora: 2 Minutu
Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak 15 eta 30 urte bitarteko gazteen sexualitatea ardatz izango duen formakuntza bat antolatu du profesionalei zuzenduta. Formakuntza horren xede nagusia da eremu komunitarioa harreman afektibo sexualen hezkuntzarako gune gisa bultzatzea. Izan ere, eremu komunitarioari esker, hurbileko inguruneetatik eta errealitatetik hurbil dauden ikuspegietatik irits daiteke xede-publikora, harreman afektibo sexualak lantzeko eta berdintasunean, tratu onean eta osasunaren sustapenean oinarritutako sexualitatearen ikuspegi positiboa bultzatzeko.
Formakuntza
Formakuntza bi egunetan zehar egingo da. Lehenengo egunean, irailaren 24an, komunitate eremuko profesionalentzako jardunaldia egingo da Iturramako Civivoxean. “Gazteak eta harreman afektibo-sexualak eremu komunitarioan” izenburupean, saioa gazteekin lan egiten duten profesionalei eta gizarte-erakundeei zuzentzen zaie.
Saio horretan “Gazteak eta harreman afektibo-sexualak” ikerketaren emaitzak aurkeztuko dira. Jarraian, Emaizeko Maider García de Vicuña sexologoak “Susta ditzakegu sexualitatea eta lotura positiboak ikuspegi komunitariotik?” izenburuko hitzaldia eskainiko du.
Lehen eguneko hirugarren jardueran Hazialdeak eta Altsasuko Udalak garatu dituzten bi esperientzien berri emango dute.
Lehen jardunaldiari amaiera emateko lau tailer eskainiko dira:
- Emaizek “Harremanetan modu osasuntsuan elkartu eta bereiztu” izenburuko tailerra eskainiko du.
- Lantxotegi elkarteak “Sexualitatea eta aniztasun kulturala” izeneko tailerra eskainiko du.
- Natalia Rubiok “Sexualitatea eta desgaitasuna komunitatean” izenburuko tailerra emango du.
- Azken tailerra, “Offline/online harremanak: esku-hartze profesionalaren laguntza”, Almudena Herranzek emango du.
Formakuntza honetan parte hartu nahi duten profesionalek doan eman ahal izango dute izena Iruñeko Udalaren Herritarrentzako 010 arreta-telefonoaren edo 948 420100 telefonoaren bidez. Izena emateko epea irailaren 10era arte egongo da zabalik. Eskaintzen diren plazen kopurua mugatua denez, plazak izena ematen den ordenaren arabera esleituko dira.
Gazteentzako jardunaldia
Bigarren jardunaldia, irailaren 25ean, Jus la Rocha Civivoxean egingo da eta bereziki gazteei zuzenduta egongo da. Kasu horretan, sexualitatea ikuspegi positibo, integral, berdintasunezko eta errespetuzko batetik lantzeko hausnarketa sustatzea da helburua. Jardunaldi hau hiru saiotan banatuko da. Lehenengo bi saioetan Iruñerriko ikastetxeetako 15 eta 18 urte bitarteko gazteek parte hartuko dute. Hirugarren saioan, arratsaldean, komunitate eremuarekin harremana duten gazteek parte hartuko dute.