Egilea: Oier Zabalegi
Argazkia: shutterstock.com
Hitz kopurua: 358
Irakurketa denbora: 2 Minutu
Gezurra badirudi ere, bada “Hilda al zaude?” (“Silema” txineraz) izeneko aplikazio bat. Gainera, gaur egunean, Txinan gehien deskargatzen ari diren ordainpeko aplikazioa da. Aplikazio horren arrakastaren atzean, hala ere, sakoneko arrazoi bat da. Aplikazioaren erabilera guztiz sinplea da: bi egunetik behin erabiltzaileak aplikazioa ireki eta botoi bat ukitu behar du bizirik jarraitzen duela baieztatzeko. Erabiltzaileak hori egiten ez badu, aplikazioa izu moduan sartzen da, eta erabiltzaile horren larrialdi-kontaktuari alerta automatikoa bidaltzen dio, zerbait gaizki joan daitekeela ohartarazteko.
Arrakastaren sakoneko arrazoia
Oso aplikazio sinplea den arren eta, printzipioz, ezer gutxirako balio badu ere, une honetan, txinatar gazteek gehien deskargatzen duten ordainpeko aplikazioa bihurtu da. Eta gauza guztietan bezala, horrek ere badu azalpen bat. Izan ere, adituen kalkuluen arabera, 2030. urterako baliteke Txinan pertsona bakarreko 200 milioi etxe egotea. Hau da, Txinako biztanleriaren % 15 inguru bakarrik biziko da. Horietatik guztietatik, asko hiri handietara ikastera edo lanera joan diren gazteak dira, beren familietatik urrun, lanaldi luzeekin eta ia inolako lagun sarerik gabe.
Horregatik, azken boladan, gero eta gehiago dira bakarrik hiltzeko beldurra adierazi duten gazteak, inork jakin gabe. Hortaz, aplikazio inozo honek benetako kezka sozial bati erantzuten dio. Nahigabeko bakardadearena ez da Txinako gazteei bakarrik eragiten dien arazoa eta Euskadin jada arazo horren lehen adibideak ikusten ari gara. Adibidez, Euskal Autonomia Erkidegoko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 7,3 bakarrik sentitzen da beti edo ia beti. Bakarrik sentitzen diren gazteen kopurua laukoiztu egin da 2018. urteaz geroztik, garai horretan % 1,6 baino ez baitzen.
Baina aplikazio horren ibilbidea ez da erraza izan. Izan ere, bere izena dela eta, Txinako App Store-tik desagertu zen behin-behinean. Kontuan hartu behar da heriotza oso gai sentibera dela Txinan eta, ondorioz, garatzaileek izena aldatu behar izan zioten aplikazioari: “Demumu”. Aplikazioa euro baten truke deskargatu daiteke eta jada arrakasta handia lortzen ari da Estatu Batuetan, Australian eta baita Estatuan bizi diren txinatar gazteen artean ere.
Zalantzarik gabe, aplikazio honen istorioa arrakastaren adibide garbia da. Izan ere, aplikazioa hiru gazteren lanaren emaitza da eta azaldu dutenez, mila yuan inguruko kostua izan zuen, hots, 120 euro inguru. Berriki, milioi bat yuanen truke enpresaren % 10 saltzeko eskaintza jaso dute.









