Irunek gazteentzako alokairuko 43 etxebizitza estreinatuko ditu

Aduana kaleko etxebizitzak 2026ko lehen seihilekorako izango dira prest eta alokairuen prezioa 150 eta 420 euro artekoa izango da

  Egilea: Oier Zabalegi
  Argazkia: Shutterstock.com
  Hitz kopurua: 475
  Irakurketa denbora: 3 Minutu

Zorioneko daude emantzipatu nahi dute Irungo gazteak. Izan ere, aurtengo lehen seihilekoan, Aduana kaleko 46. zenbakian 43 zuzkidura-bizitoki emateko prestatzen ari da hiria. Egitasmoa hiriko gazteen emantzipazioa errazteko berariaz diseinatutako proiektua da eta gazteek, oso prezio lehiakorrean, kalitate-estandar altuko etxebizitzak eskuratu ahal izango dituzte alokairuan.

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok eta Irungo alkate Cristina Labordak berriki bisitatu dituzte azken fasean diren obrak. Itxasok nabarmendu duenez, “Ez da gazteek etxebizitza eskuratzeko egiten duten eskaerari emandako erantzun zuzena bakarrik, Irungo historia hurbilean etxebizitzari bultzada handiagoa emateko lehen urrats ukigarria ere bada”. Aduana kaleko 43 zuzkidura-bizitokiak 1.000 etxebizitza babestu berri eraikitzea aurreikusten duen asmo handiko plan baten barruan garatzen ari da.

Alokairu eskuragarriak

Egitasmoaren xede nagusia Irungo gazteen emantzipazioa erraztea denez, alokairuaren prezioa ez da oztopo izango gurasoen etxetik joan nahi duten gazteentzat. Adibidez, logela bakarreko etxebizitzen hileko alokairua 150 eta 350 euro artekoa izango da eta bi logela dituzten etxebizitzena, berriz, 180 eta 420 euro artekoa. Garaje-plaza nahi duten horiek 60 euro gehitu beharko dizkiote alokairu gastuari. Kasu guztietan, ordaindu beharreko errenta gazteen diru-sarreren % 30era mugatuta egongo da, etxebizitzak benetan eskuragarriak direla bermatzeko.



Hortaz, urte honetan bertan eskuratu ahal izango diren etxebizitzak eskatzeko, gazteek zenbait baldintza bete beharko dituzte: 36 urtetik beherakoa izatea, Irunen erroldatuta egotea, Etxebiden izena emanda izatea eta urtean 3.000 eta 45.022,57 euro bitarteko diru-sarrerak izatea. Gainera, eskatzaileek ezin izango dute inolako etxebizitzarik jabegoan izan eta bizikidetza-unitateak, gehienez, hiru kidez osatuta egon beharko dute.

Une honetan, Irunen 3.356 bizikidetza-unitate daude izena emanda Etxebiden, etxebizitza-eskatzaile gisa. Horietatik guztietatik % 82 inguruk alokairua aukeratu du, gazteek, nagusiki, modalitate horren alde egiten dutela berretsiz.

Eraikin modernoa

Higiezinak logela bateko 39 etxebizitza (bat egokitua) eta bi logelako lau etxebizitza izango ditu . Gainera, 18 aparkaleku eta bizikletentzako bi gela ere izango ditu.

Etxebizitza guztiak guztiz ekipatuta alokatu ahal izango dira: sukaldea etxetresna elektrikoekin, bainugela osoa, horma-armairua, luminariak, bideo-atezaina eta berogailua doitzeko sistema domotikoa. Etxebizitzak barruko espazioen malgutasuna, zabaltasuna eta argi naturala maximizatzeko diseinatu dira, egongela, jangela eta sukaldea gela funtzional bakar batean integratuz. 



Eraikinak kalifikazio energetikorik altuena du (A kategoria, alegia). Hori, jasangarritasuna ardatz duten hainbat ekipamendu daudelako lortu da. Horien artean nabarmentzen dira, adibidez, aerotermiaren instalazio zentralizatua zoru erradiatzailea, prestazio termiko eta akustiko handiko arotzeria, kalitate handiko kristalak eta fatxadaren isolamendu bikaina. “Eraikin honek erakusten du efizientzia energetikoa eta kalitatezko diseinu arkitektonikoa ez direla gutxi batzuentzat gordetako luxua”, azpimarratu du Itxasok.

Asier Acuriola Barriok diseinatutako eta Iza Obras y Promociones S.Ak eraikitako proiektu arkitektonikoa 6,3 milioi euroko inbertsioarekin eraiki da.

Etorkizunera begira

Cristina Laborda alkateak azpimarratu duenez, “2026 hau izango da Irunen etxebizitza publikoaren aldeko apustua errealitate bihurtu den urtea”. Sustapen hau datozen hiru urteetan 1.000 etxebizitza babestu baino gehiago hastea ahalbidetuko duen estrategiaren lehen urratsa baino ez da, hiriko parke publikoa bikoizteko helburuarekin. Horren barruan garatuko den proiekturik handiena San Miguel-Anaka auzoan egingo da, 437 etxebizitza berrien eraikuntzarekin.