
Egilea: Jon Mikel Zabalegi
Argazkia: shutterstock.com
Hitz kopurua: 257
Irakurketa denbora: Minutu 1
Gero eta gehiago omen dira jokoarekin arazoak dituzten gazteak. Jokoan aritzea ondo dago, baina kontrolik gabe egiten denean, arazo bilaka daiteke. Horren aurrean, Nafarroako Gazteriaren Institutuak, ludopatiaren prebentzioan lan egiten duen Aralar Elkartearekin batera, ‘Deskontrol’ izeneko ihes-gela antolatu dute. Helburua da joko patologikoak izan ditzakeen arriskuen inguruan nerabeak eta gazteak sentsibilizatzea.
Ihes-gela 14 eta 30 urteko gazteentzat diseinatuta dagoen arren, pertsona helduagoek ere parte har dezakete. Ihes-gela ibiltaria da eta apirilean hasi zuen bere ibilbidea Lizarran. Udan zehar Castejonen, Corellan, Uharten, Iruñean eta Zizur Nagusian izan da. Hurrengo asteetarako egitaraua honakoa hau da:
- Irailak 11 eta 12: Iruñeko Gaztediaren Etxea
- Irailak 19: Uharte Arakil
- Irailak20: Aiegi
- Irailak 21: Obanos
- Urriak 3: Tutera
- Urriak 17: Burlata
- Urriak 18: Betelu
- Urriak 19: Eneritz
- Urriak 24 eta 25: Altsasu
- Azaroak 1: Lekunberri
Deskontrola
Jardueraren dinamizatzaile Igor Lanzek azaltzen duenez, ihes-gelan 6-8 lagunetako taldeek parte har dezakete. Orain arte, parte-hartzaile gehienak 25 urtetik beherako gazteak izan dira. Funtsean, Cluedo jokoaren antzeko dinamika bat planteatzen da, non parte-hartzaileek amonaren etxean desagertutako objektu baten lapurra nor izan den asmatu beharko duten.
Aralar elkarteko Saioa Yereguiren hitzetan, jokoan hasteko batez besteko adina 15 urte ingurukoa da; 14,7 online jokoan eta 14,8 aurrez aurrekoan. Adingabeen jokoa legez debekatuta dagoen arren, nerabe horiek tabernetan eta kontrolik gabeko lokaletan hasten dira jokoan. Estatuan, 2024ko datuen arabera, nerabeen % 17,7k diruarekin jokatu du aurrez aurre eta % 10,7k online.