Jon Esnaolak Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa Gazte Saria irabazi du

Konpositore tolosarrak Nestor Basterretxearen omenezko obra sinfonikoarekin euskal folklorearen berrinterpretatze garaikidea lortu du

 Irakurketa denbora: Minutu 1

Jon Esnaola Agirre (Tolosa, 2000) konpositoreak Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa Gazte Saria 2025 eskuratu du bere ‘LUUR, Nestor Basterretxearen oroimenez’ musika-proiektuari esker. Saria 35 urtetik beherako gazteei zuzenduta dago eta Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien arloetan sormen eta ikerketa lanak sustatzea du helburu.

Epaimahaiak “LUURen bikaintasun artistiko eta teknikoa, euskal kulturarekin eta ondarearekin duen konpromiso garrantzitsua eta, aldi berean, erreferente artistiko handiekin hitz egiteko gaitasun nabarmena” nabarmendu ditu bere erabakian. Halaber, euskal sortzaileen belaunaldi berriaren begirada garaikidea eta pertsonala azpimarratu ditu.



‘LUUR’ Nestor Basterretxea eskultorearen omenez sortutako lana da, kultur figura garrantzitsu horrek euskal nortasunean sakonki errotutako artearen bilaketan egindako lana aintzat hartuz. Esnaolaren obrak folklore autoktonoaren elementuak jaso eta berrinterpretatzen ditu ikuspegi abangoardista eta berritu batetik, erakutsiz gaur egungo lengoaia artistikoek kultur ondarearekin modu bizian, eguneratuan eta eraldatzailean hitz egin dezaketela.

Konpositoreak aurretik ere beste hainbat lan sortu ditu euskal eskultoreen irakurketetatik abiatuta, hala nola Eduardo Chillidaren eta Jorge Oteizaren lanetan oinarritutakoak. ‘LUUR’ lanak, gainera, natura defendatzeko eta babesteko mezua gordetzen du, oinarri ekologista nabarmenarekin.

76 interpreterentzat idatzita eta hamar minutuko iraupenarekin, obra datorren udan estreinatuko du Euskadiko Gazte Orkestrak (EGO), Unai Urrechoren zuzendaritzapean. Donostia, Bilbo eta Gasteizko entzunaretoetan entzun ahal izango da. 6.000 euroko sari ekonomikoa eta aitortza publikoa jasoko ditu Jon Esnaolak, bere ibilbide oparoan bultzada nabarmen bat suposatuko duena. Musikenen azken konposizio-urtea egiten ari den arren, 24 urterekin dagoeneko garrantzizko beste sari batzuk jaso ditu, hala nola Euskadiko Musikari Gazteen Lehen Saria (bi aldiz), Italy Percussive Arts Society saria eta Madrilgo Zarzuela Antzokiaren Konposizio Saria. MusikagileakEuskal Herriko Musikagileen Elkarteko zuzendaritza batzordean parte hartzen du, euskal kultura eta musikarekiko duen konpromiso aktiboaren erakusle.

Advertisements