
Irakurketa denbora: 2 Minutu
Kutxa Fundazioak jarduera parte-hartzaileen bidez Garapen Jasangarrirako Helburuak herritarrengana hurbiltzea helburu duen Hitzetatik Ekintzetara ekimenaren hirugarren edizioa jarri du abian. Maiatzaren 19tik ekainaren 20ra bitartean egingo den edizio berriak kultura eta hizkuntza aniztasunean ardaztuko da 20 jardueraz osatutako programarekin.
Hitzetik Ekintzetara 2023an sortu zen 2030 Agendak planteatutako erronka globaletan herritarren parte-hartzea errazteko asmoz. Aurreko bi edizioetan bigarren helburua den “Goserik Ez” eta hamaikagarren helburua den “Hiri eta Komunitate Jasangarriak” helburuak jorratu ziren. Hirugarren edizio honek, esan bezala, 17+1 helburuan jarriko du arreta: kultura eta hizkuntza aniztasuna.
KLIK Agenda
Kutxa Fundazioak, lurraldeko hirugarren sektore eko-sozialeko eragileekin elkarlanean, 20 jarduera biltzen dituen KLIK agenda osatu du. Horien artean daude Elgoibarko Ikastola (Kilometroak 2025en antolatzailea), SOS Arrazakeria, Badalab hizkuntza berrikuntzarako laborategia, Bagera elkartea, Aranzadi Zientzia Elkartea eta Emaús Fundazioa, besteak beste.
Programak adin eta gizatalde ezberdinei zuzendutako proposamenak biltzen ditu. Helduei begira, Bagera elkarteak “Euskara eta Harrera” topaketa antolatu du, non euskaratik abiatutako egungo harrera-praktikak aztertuko diren eta bete gabeko beharrak identifikatuko diren.
Haur eta gazteek hainbat hezkuntza-jardueratan parte hartu ahal izango dute. Aranzadi Zientzia Elkarteak, ekainaren 5ean, “Zeru beraren azpian” familia-saioa ospatuko du Donostian, unibertsoaren interpretazio kultural ezberdinak ezagutzeko. Elgoibarren, berriz, joko eta erronken bidez kultur aniztasunari buruzko estereotipoak hausteko diseinatuta dauden UAU eta KRAK kulturarteko gymkanak egingo dira.
Adineko pertsonentzat, ekainaren 23an Donostiako Intxaurrondo auzoan egingo den eta Matia Fundazioak antolatuta taldeko kantuaren tradizioa mantentzera bideratua dagoen KantuKLIK ekimena nabarmentzen da.
Eskaintza osatzen dute Lleno de Naranjas kolektiboaren “Divercity Jamm” arratsaldeek, kontzertu kulturanitzak barne hartuko dituztenak, eta ekainaren 14ko EtioBask jaialdiak, Etiopiako kulturari eskainia.
Jarduera guztietan parte hartzea librea eta doakoa da, nahiz eta batzuetan aurretik izena eman behar den Hitzetatik Ekintzetara proiektuaren webgunearen bidez. Informazio gehiago nahi duten pertsonek agenda osoa webgune horretan kontsultatu dezakete edo hitzetatik-ekintzetara@kutxafundazioa.eus helbide elektronikoaren bidez harremanetan jarri.