Nafarroako gazteen % 73k gazte-informazio zerbitzuetarako sarbidea du bere herrian

Gazteentzako informazio-zerbitzuen sareak 66.000 arreta baino gehiago izan zituen iaz, 2023an baino % 8,16 gehiago

 Irakurketa denbora: 2 Minutu

Nafarroako Gazteriaren Institutuak (NGI) pasa den urteko bere jarduera jasotzen duen urtekaria argitaratu berri du. Txostenak gazteei berariaz zuzendutako politika eta zeharkako politikak jasotzen dituzten bi atal nagusi ditu.

Gazteei berariaz zuzendutako politiken artean azpimarratzekoa da Gazteen Informazio Zerbitzuen Sarean egindako lana. Izan ere, informazio-zerbitzu horiek ehun udalerri baino gehiagoko gazteei ematen diete arreta. Horrela, 2024an zehar Nafarroako Gazteriaren Institutuak hiru zerbitzu berri aitortu ondoren, Nafarroako gazteen % 73k informazio-puntu bat du bere udalerrian. Urtekarian jasotako datuen arabera, 66.000 arreta baino gehiago eman ziren iaz Nafarroan zehar banatutako 33 bulego eta puntuetan, hots, aurreko urtean baino % 8,16 gehiago.



Sare hori indartzeko, NGIk lehen aldiz eman zizkien dirulaguntzak 18 toki-erakunderi, guztira 205.000 euroko balioarekin. Funts horiek, bai langileak kontratatzeko, bai gazte-informazio zerbitzuetarako ekipamendua eskuratzeko erabili ziren.

Hezkuntza ez-formala

Bestalde, Nafarroako Gazteentzako Jardueren Eskolak (NGJE) 51 prestakuntza-jarduera garatu zituen iaz, eta horietan 737 gaztek parte hartu zuten. Ikastaro horietan gai desberdinak jorratu ziren, hala nola sukaldaritza, osasunerako hezkuntza, lan-munduratzea, finantza-osasuna eta adimen emozionala.

Aisialdi-hezkuntzaren eremuan, berriz, 403 gaztek jaso zuten NGIk aitortutako eta Aisialdirako Hezkuntza Eskolek emandako begirale titulua. Kopuru horiei aisialdiko zuzendari titulua lortu zuten 23 gazte gehitu behar zaizkie.

NGIk zazpi aldiz biderkatu zuen hezkuntza-aisialdiko jardueretarako eta kanpaldietarako eskuragarri zeuden plaza kopurua 2024an. Kontzeptu horretan egindako inbertsioa 250.000 eurokoa izan zen, aurreko urtean baino % 66 gehiago.

Erakundeak bizikidetzari eta albiste faltsuei eta gorroto-diskurtsoei buruzko prestakuntzak ere egin zituen iaz, udako ikastaroekin eta hamar prestakuntza-pilula gazteekin lan egiten duten elkarte eta erakundeentzat.



Era berean, Nafarroako Gobernuak 2028ra arte indarrean egongo den gazteentzako lan-orientazioko programa berri bat jarri du abian. Nafarroako Enplegu Zerbitzua – Nafar Lansareren gidaritzapean dagoen ekimen horrek gazteen enplegagarritasuna hobetzea du helburu, aktibazio, orientazio profesional eta autoenplegurako laguntza jardueren bidez.

Kultura arloan, Arte Gaztea Topaketetan 252 gaztek bultzatutako 95 proposamen artistiko bildu ziren bost modalitateetan: Arte Plastikoak eta Ikus-entzunezkoak, Arte Eszenikoak, Literatura, Musika eta Diseinua.

Azkenik, Gazte Txartela programak 251 erakunde laguntzailerekin amaitu zuen 2024, 276 onura mota eskaintzen zituztenak. Guztira 8.197 gaztek parte hartu zuten ekimen honi lotutako ikastaro eta aisialdi-eskaintzetan.

Advertisements