Egilea: Jon Mikel Zabalegi
Argazkia: Iñaki Porto
Hitz kopurua: 423
Irakurketa denbora: 2 Minutu
Nafarroako Gobernuak 2025-28 aldirako Nafarroako Gazte Estrategia berria onartu du. Estrategia berriak lau ardatz nagusi izango ditu:
- emantzipazioa
- ongizate integrala
- parte-hartzea
- informazioa
Urrats honen ondoren, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuak Gazteriaren Foru Lege berrirako aurretiazko kontsulten fasea abiatuko du.
Nafarroako Gazteriaren Institutuak sustatutako estrategia berria gazte-politiken eredu integrala, sektoreartekoa eta parte-hartzailea sendotzeko helburuarekin sortu da eta bat dator nazioarteko esparru estrategikoekin. Horrela, Nafarroako gazteen tokiko erronkei erantzuteaz gain, garapen jasangarriko eta inklusioko horizonte global baten esparruan ere kokatzen da.
2025-2028 aldirako estrategia
Estrategia berria 2024ko abuztutik aurtengo martxora arte egin den prozesu parte-hartzaile zabal baten emaitza da. Bertan, 400 gazte inguruk hartu dute parte eta haien behar, kezka eta proposamenak jaso dira. Guztira, 12 mahai sektorial izan dira Nafarroa osoan zehar eta metodologia kuantitatibo zein kualitatiboak erabili dira gazteen errealitatearen ordezkaritza anitz bat bermatzeko.
Begoña Alfaro sailburuak azaldu duenez, estrategia berria Nafarroako gazteen oraina eta etorkizunaren aldeko apustu bat da eta gazteek erabateko garapenerako eta gizartean parte hartzeko behar dituzten baliabideak, eskubideak eta aukerak izatea bermatuko du.
Lau ardatz
Estrategia berria egituratuko duten lau ardatzek nafar gazteentzako politika publikoen ekintza eta garapena gidatuko dute, Nafarroako gazteen garapen integralerako bidezko sarbidea eta behar diren aukerak bermatzeko. Horrela, ardatz bakoitzak nafar gazteen egoeraren inguruan egindako diagnostikoan hautemandako behar eta arazoei erantzuna emateko hainbat lan-ildo izango ditu.
Emantzipazioari dagokionez, adibidez, estrategiaren helburu nagusia da etxebizitza duin, eskuragarri eta egoki baterako sarbidea bermatzea. Horretarako, nagusiki, alokairua, babes ofizialeko etxebizitzak eta bizitegi-irtenbide berritzaileak sustatuko dira.
Ongizatearen kasuan, lau lan-ildo nagusi ezarri dira: jarduera fisikoaren eta elikaduraren bidez gazteen artean bizi-ohitura osasungarriak sustatzea; ongizate emozionaleko zerbitzuetarako sarbide zuzena eta azkarra bermatzea, gazteen arteko harreman osasuntsuak, inklusiboak eta errespetuzkoak sustatzea; eta, aisialdi-eskaintza anitz, parte-hartzailea eta kalitatezkoa bermatzea.
Hirugarren ardatzaren xede nagusia da gazteen parte-hartzea egun diren eredu berrietara egokitzea. Zentzu horretan, bi dira helburu nagusiak: gazteek bizitza sozialean eta komunitarioan parte har dezaten bultzatzea, haien antolamendu kolektiboa, boluntariotza eta gizarte-aktibismoa indartuz; eta, partaidetzarako tresna berritzaileak sustatzea eta prozesu instituzionaletan gazteen ordezkaritza indartzea, kontsultarako eta eztabaidarako gune gehiagoren bidez.
Azkenik, gazteek egiazko informazioa jasotzea eskubidetzat hartu da, hori haien autonomiarako eta parte-hartzerako ezinbesteko tresna baita. Ardatz honetan hiru izango dira puntu nagusiak: egiazko informazio erabilgarrirako sarbidea erraztea, albiste faltsuak eta amen-omenak saihesteko estrategiak garatzea eta teknologia digitalen erabilera etiko eta inklusiboa sustatzea. Estrategia berriaren ezarpena urteko plan operatiboen bidez egingo da, aldaketa sozial, teknologiko eta ekonomikoetara malgutasunez egokitzeko. Horretarako, adierazleen eta etengabeko ebaluazioaren sistema bat ezarriko da, ekintzen eragina neurtzeko eta, beharrezkoa izanez gero, lehentasunak birbideratzeko.










