2022, beroaren urtea

Erregistroak direnetik, iazkoa urterik beroena eta lehorrena izan da Hego Euskal Herrian

Suposa genezake eta datuek hala baieztatzen dute: Euskalmetek eta Aemetek baieztatu dutenez, erregistro historikoak daudenetik, iazkoa izan da urterik beroena eta lehorrena Euskadin eta Nafarroan.

Euskalmet-Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, joan den urtea erregistratutako serie historikoen artean beroena izan zen. Zehazki, iazko batez besteko tenperatura batez besteko historikoa baino 1,8°C beroagoa izan zen. Ildo beran, jasotako ur kopuruen arabera, 2022a oso urte lehortzat jo daiteke. Arabako Lautadaren kasuan, adibidez, inoiz erregistratutako urterik lehorrena izan da.

Euskadin, 2022ko batez besteko tenperaturak 16-17°C ingurukoak izan ziren kostaldean, eta 14-15°C ingurukoak Bizkaiko eta Gipuzkoako barnealdeko bailaretan. Arabako Lautadan, adibidez, 13°C ingurukoa izan zen, baina kasu horietan guztietan, 1981-2010 aldian jasotako batez besteko tenperaturak baino handiagoak dira. Gainera, erregistratutako 10 urterik beroenen artean 8 mende honetakoak dira.

Gauza bera gertatu da Nafarroan. Adibidez, iazko azaroan Foru Komunitatean erregistratutako anomalia termikoa 4,5 °C-koa izan zen. Izan ere, iazko udazkena pasa den mendeko 60ko hamarkadatik Nafarroan erregistratu den beroena izan da. Tenperaturak, batez beste, ohikoak baino 2,4 gradu altuagoak izan dira. Gainera, uda ere ohi baino beroagoa izan da. Pedro Oria Estatuko Meteorologia Agentziaren Nafarroako lurralde-ordezkariak adierazi duenez, datu horiek berotze globaleko “zalantzarik gabeko” joera baten ondorio dira, Foru Erkidegoko hamar urterik beroenetako bost azken 12 urteetan erregistratu baitira.

Prezipitazioei dagokienez, 2022 ere izan da urterik lehorrena Nafarroan erregistroak daudenetik. Nafarroako urtegiak ohi baino askoz beherago daude, prezipitazio eta elur faltagatik. Elur-erreserba funtsezkoa da ibaietarako, udaberrian izotza urtzean ekarpen berriak egin daitezen ibai-ibilguetarako.

Hori guztia gutxi balitz, eta urtarrilean Euskal Herrian prezipitazio nahiko izan badira ere, aurreikuspenen arabera, 2023. urtea are beroagoa izango da maila globalean.