Egilea: Jon Mikel Zabalegi
Argazkia: Shutterstock.com
Hitz kopurua: 255
Irakurketa denbora: 2 Minutu
Burlatako Gaztelekuan izan den jardunaldi batek hasiera eman dio Nafarroako Gazteriaren Institutuak antolatzen duen ‘Gazte korrespontsalak’ programaren III. edizioari. Nafarroa osoko berrogeita hamar bat gazte izan dira bertan, hain zuzen ere, hurrengo hilabeteetan beste gazteei mota guztietako informazioa helarazteaz eta haien eskaerak jasotzeaz arduratuko diren gazteak.
Aurreko edizioetan bezala, korrespontsal gazteen lana, gazte informazio sarearen laguntzarekin, herrialdeko gazteei informazio zehatz helaraztea izango da. Informazio hori, gazteentzat interesgarriak diren gaien ingurukoa izango da, hala nola, bekak, formakuntza, enplegua, sexu-hezkuntza, boluntariotza… Informazio horren guztiaren xedea da gazteen artean parte-hartzea sustatzea eta aisialdi hezitzailea eta baloreetan oinarritutako hezkuntza laguntzea. Informazio helarazteaz gain, gazte korrespontsalen lana gazteen eskaerak jasotzea ere izango da. Korrespontsal gehienak DBHko, batxilergoko eta lanbide heziketako ikasleak dira.
Topaketa
Ikasturte berriari hasiera eman dion jardunaldian korrespontsal lana egiteko beharrezkoak diren hainbat alderdi jorratu dira, hala nola, sare sozialen erabilera albisteen zabalkunderako, taldean lan egitea edo parte hartze zibikorako proiektuen plangintza.
Orain arte programan parte hartzen zuten udalerriei (Atarrabia, Azkoien, Burlata, Castejón, Eguesibar, Lizarra, San Adrián, Tafalla, Zizur Nagusia) beste bost gehitu zaizkie: Barañain, Berriozar, Etxarri–Aranatz, Lodosa eta Tutera. Hortaz, hasi berri den ikasturtean, guztira, 50 izango dira korrespontsal lanak egingo dituzten gazteak.
Gazte-korrespontsaletan parte hartzeak berekin dakar boluntariotzaren eta gazteen parte-hartzearen bidez eskuratutako zeharkako gaitasunak egiaztatu eta balioetsi nahi dituzten erakundeak aitortzea Estatuko sarearen bidez. Helburua gazteen enplegagarritasuna hobetzea da, lan-merkaturako dituzten trebetasunen aintzatespen formala erraztuz.
Azkenik, korrespontsalen taldeak parte hartuko du gaur egun lantzen ari den gazteen lege berria egiteko prozesuan.








