Irakurketa denbora: 5 Minutu
Gazteen Euskal Behatokiak argitaratu duen eta EAEko 15-29 urte bitarteko gazteen itxaropenak aztertzen dituen ‘Aurrera Begira’ txostenaren azken edizioaren arabera, EAEko gazteak ondo bizi dira, baina etorkizuna ziurgabetasunez ikusten dute. Beren berehalako orainaldia eta ongizate-maila positiboki baloratzen dituzte eta gustura azaltzen dira beren ikasketekin, lanarekin, adiskideekin, familiarekin eta osasun egoerarekin, fisikoa zein mentala. Banakako baikortasun hori, hala ere, ezkortasun bilakatzen da kolektiboki pentsatzen dutenean eta, esan bezala, hodeiak ikusten dituzte zerumugan. Kezka nagusien artean, adibidez, lan egonkor bat aurkitzeko, gurasoen etxetik alde egiteko eta familia bat osatzeko zailtasunak dira gehien aipatzen direnak.
Mundu mailan izan diren aldaketek nabarmen eragin dute ikuspegi ezkor horretan. Hegakortasun ekonomikoak eta ezegonkortasun geopolitikoak gazteek etorkizunaren gainean duten konfiantza-mailan eragiten dute, baina, hala ere, gazteek gogobetetasun pertsonalaren indize altuari eusten diote.
Orainaldia
Jasotako azken datuen arabera, EAEko gazteek 100 puntutik 67 punturekin baloratzen dute egungo beren egoera. Kopuru hori 2023an jasotakoa baino bi puntu altuagoa da eta 2022koa baino bost puntu altuagoa. Adin-taldeei dagokienez, 15-19 urte bitarteko gazteak dira ikuspegi baikorrena dutenak (71 puntu).
Adierazle hori gazteek hiru aldagaien inguruan duten iritzian oinarrituta kalkulatzen da: egoera pertsonala, gazteriaren egoera orokorra eta Euskadiren egoera. Kasu honetan, alde handiak daude gazteek aldagai bakoitzari emandako notetan, puntuaziorik altuena egoera pertsonalari ematen diotelarik (73) eta baxuena gazteriaren egoerari (58). Euskadiren egoeraren kasuan emandako balorazioa 65 puntukoa da.
Gora egin du ongizate pertsonalaren pertzepzioak
Hirugarren urtez jarraian hobetu egin da txostenean ‘Norberaren Ongizate Indizea’ izenarekin izendatutako aldagaia. Une honetan, aipatu indizea 72 puntukoa da, baina mutil gazteen kasuan eta 15-19 urte bitartekoen artean 74 puntutaraino heltzen da.
Ikasleen % 82k uste du bere ikasketekin zerikusia duen lana lortuko duela. Datu hori 2013. urteaz geroztik erregistratutako daturik onena da eta arinki altuagoa da gizon gazteen artean emakume gazteen artean baino
Indize horrek gazteen gogobetetasun-maila aztertzen du bizitzako hamaika alderdi aztertuz:
- lana (100 puntutik 66)
- ikasketak (78)
- familia (84)
- astialdia (69)
- lagunak (77)
- harreman sentimentalak edo/eta sexualak (67)
- osasun fisikoa (74)
- osasun mentala (72)
- itxura fisikoa (71)
- dirua (63)
- norberaren kontura edo familiarekin bizi izatea (74)
Garrantzia vs. gogobetetasuna
Txostenak aipatu alderdi horietan gazteek duten gogobetetasun-maila jasotzeaz gain, alderdi bakoitzari ematen dioten garrantzia ere aztertzen du. Kasu horretan, osasun mentala (89) eta familia (88) dira gazteentzat alderdirik garrantzitsuenak. Jarraian, osasun fisikoa (86), lagunak (84), ikasketak (83), astialdia (82) eta dirua (81) dira puntu gehien lortzen dituztenak. Lana (78), harreman afektibo-sexualak (74), norberaren kontura edo familiarekin bizi izatea (74) eta itxura fisikoa (71) dira puntu gutxien lortzen dituzten aldagaiak.
Ikus daitekeenez, horietako hainbat aldagaitan arrakala handia dago ematen zaion garrantziaren eta gogobetetasun-mailaren artean. Kasu nabarmenenak dirua (-18) eta osasun mentala (-17) dira, baina oro har, gogobetetasun-maila garrantziaren azpitik dago aldagai guztietan. Emakume gazteak eta 25-29 urte bitarteko gazteak dira gogobetetasun-mailaren artean eta garrantziaren artean alde nabarmenenak azaltzen dituztenak.
Enplegua: itxaropena eta ziurgabetasunaren artean
Lan merkatuak argi-ilunak eskaintzen ditu pandemiaren ondoren. Alde batetik, prestakuntza-mailarekin bat egiten duen enplegu bat aurkitzeko itxaropena bere maximo historikora iritsi da: ikasleen % 82k uste du bere ikasketekin zerikusia duen lana lortuko duela. Datu hori 2013. urteaz geroztik erregistratu den daturik onena da eta altuagoa da gizonen artean (% 86) emakumeen artean baino (% 79).
Baina lanean ari direnen errealitatea ez da hain baikorra. Gazte okupatuen % 41 beldur dira beren lan-baldintzek okerrera egingo ote duten edo datorren urtean enplegua galduko ote duten. Datu hori 2020ean erregistratutakoa (% 48) baino hobea da, baina okerrera egin du bi puntutan 2023koarekin alderatuta. Kasutan honetan ere emakumeen pertzepzioa ezkorragoa da: % 46k lana galtzeko beldurra adierazi du.
Langabezian diren horien artean, % 70 inguruk lana aurkitzea espero du hurrengo 12 hilabeteetan. Ehuneko hori egonkor mantendu da azken neurketetan. Beste datu positibo bat derrigorrez emigratu beharraren ingurukoa da. Gure artean lan aukerarik ez dutelako emigratu behar izango dutela uste duten gazteen kopurua % 10 baino ez da. Atzerrira lan egitera joaten diren gazte gehienak hala nahi dutelako joaten dira.
Emantzipazioa eta amatasun/aitatasun atzeratua
Gurasoekin bizi diren eta emantzipatu nahi duten gazteen % 44k uste du ezin izango duela gurasoen etxetik alde egin hurrengo 12 hilabeteetan. Azken urteetan egonkor mantendu den ehuneko horrek gazteek bere kabuz etxebizitza bat eskuratzeko dituzten zailtasun ekonomikoak islatzen ditu.
Seme-alabarik ez duten gazteen heren batek (% 32) uste du nahi baino gehiago atzeratu beharko duela amatasuna/aitatasuna. Ehuneko hori sei puntutan hazi da eta gazteek bizi-proiektu bat eraikitzeko dituzten zailtasunak islatzen ditu
Seme-alabarik ez duten gazteen heren batek (% 32) uste du nahi baino gehiago atzeratu beharko duela amatasuna/aitatasuna. Ehuneko hori sei puntutan hazi da eta gazteek bizi-proiektu bat eraikitzeko dituzten zailtasunak islatzen ditu. Gainera, kopuru hori altuagoa da 25-29 urte bitartekoen artean (% 37) eta emakumeen artean (% 36). Gazteentzat, batez beste, familia bat osatzeko adinik egokiena 30,2 urte dira. Gazteen ia hiru laurdenek (% 72,6) diote etorkizunean familia bat osatu nahiko luketela. Kopuru hori 2018. urteaz geroztik erregistratutako altuena da.
Ezkortasun kolektiboa
‘Etorkizunerako Konfiantza Indizea’-ri dagokionez, gazteek emandako puntuazioa (56) duela hiru urte jasotakoa baino hiru puntu baxuagoa da. Indize honek bost urteko epean norberaren, gazteen eta Euskadiren egoerak izango duen bilakaera aztertzen du eta paradoxa handi bat azalarazi du. Izan ere, norberaren egoerari buruzko pertzepzioa positiboa edo baikorra den bitartean, kolektiboaren inguruan den pertzepzioa nabarmen ezkorragoa da. Horrela, aipatu epe horretan, bere egoera pertsonalak hobera egingo duela uste duen gazteen kopurua % 68 den bitartean, % 27k baino ez du uste Euskadiren egoera hobetuko dela eta % 19,9raino erortzen da talde gisa gazteriaren egoera hobetuko dela uste dutenena.
Garbi dirudi nazioarte mailan nagusitzen ari den ziurgabetasun giroak zuzenean eragin duela etorkizunera begira gazteek duten itxaropenean. Horrela, maila pertsonalean itxaropen-maila altua izaten jarraitzen duen arren, kolektiboaren inguruko itxaropenak ezkorrak dira eta hori, belaunaldi hau definitzen ari den paradoxa bat da.










