Donostiak doako 450 dei-gune gaitu ditu gazteen artean mugikorraren erabilera arduratsua sustatzeko

‘Gurea erabil dezakezu’ kanpainarekin bat egiten duten establezimenduei esker, gazteek bertako telefono finkoak erabili ahal izango dituzte

 Irakurketa denbora: Minutu 1

Donostiako Udalak eta Altxa Burua plataformak antolatzen duten ‘Gurea erabil dezakezu’ kanpainari esker hiriko 450 establezimenduk baino gehiagok ahalbidetuko dute gazteek bertako telefono finkoetatik deiak egitea. Altxa Burua plataformak adingabeen mugikor gailuen mendetasuna murriztu eta teknologiaren erabilera arduratsua sustatu nahi du. Kanpainan parte hartzen duten establezimenduen erakusleihoetan pegatina bereizgarri bat izango da. Saltoki horiek dei bat egiteko aukera emango diete hala behar duten gazteei beren telefono mugikorretara jo behar izan gabe.

Gurea erabil dezakezu

Esan bezala, kanpaina Donostiako Udalaren eta Altxa Burua Donostiaren arteko lankidetzatik jaio da. Plataforma hiriko 30 ikastetxeetako familiak biltzen dituen gizarte-mugimendu bat da eta adingabeek beren smartphone-ak gero eta gazteago eskuratzearen aurrean partekatutako kezkagatik sortu zen. Hortaz, plataformak haurrei lehen mugikorra emateko epea ahalik eta gehien atzeratzea eta telefono eta sare sozialen erabilera egokia bideratzea du helburu.



Deitzeko puntuen sarea ez da establezimendua pribatuetara mugatzen. Kultur etxeek eta udal kirol-instalazioek ere hala eskatzen duten gazteei zerbitzu hau doan eskainiko diete.

Kanpainak beste ekintza osagarri batzuk ere baditu: ikastetxeetako tailerrak, familientzako hitzaldiak, eduki digitalak eta espazio publikoetako kartelak. Gazteriako informazio-puntuak ere gaitu dira ongizate digitalari, pantaila-denboraren kudeaketari eta aisialdi osasungarriaren alternatibei buruzko baliabideekin.

Donostiako Udalaren arabera, ekimen honek eragin bikoitza izango du, Alde batetik, teknologia berrien mendekotasun posibleak saihesten lagunduko du eta, bestetik, auzoen gizarte-kohesioa indartzen lagunduko du.