Egilea: Jon Mikel Zabalegi
Argazkia: shutterstock.com
Hitz kopurua: 298
Irakurketa denbora: 2 Minutu
Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren (MLBN) 2025eko bigarren hiruhilekoko Etxeen Panelaren arabera, Estatuan diren hiru Internet erabiltzailetik batek adimen artifizialeko txatbot-ak erabili ohi ditu. ChatGPT da erabilera horren buru, erabiltzaileen % 30,6rekin eta, jarraian, Gemini (% 5,1) eta Perplexity (% 1,8) daude.
DeepSeek txinatarra sailkapen horren laugarren postuan dago, erabiltzaileen % 1,5arekin. Datu esanguratsua da, X sare sozialean barneratuta dagoen Elon Musk-en AA den Grok gainditzen baitu. Txatbot horrek % 1 baino ez du, eta kopuru horretatik behera daude Claude (% 0,6) eta Mistral (% 0,3).
Estatuko erabiltzaileen gehiengo zabal batek ez du teknologia horiek erabiltzeagatik ordaintzen. Antza denez, txatbot horien guztien doako bertsioek jada asetze dituzten erabiltzaile gehienen beharrak. AA zerbitzuengatik ordaintzen duten erabiltzaileen kopurua % 8,2 baino ez da. Gainera, Internet erabiltzaileen & 64,4k ez du inolako txatbot-ik erabiltzen.
Sare sozialak eta mezularitza
Sare sozialen artean, Instagram da erabiltzaile gehien dituena (% 55,8). Facebook dago sailkapen horren bigarren postuan erabiltzaileen % 51,4rekin. Hala ere, bi sare horien joerak guztiz kontrakoak dira. Izan ere, pasa den urteko aldi berarekin alderatuta, Instagramek 1,9 puntu egin ditu gora eta Facebookek, aldiz, 2,7 puntu galdu ditu.
TikTok da, % 3,5arekin, hiruhilekoan hazkunderik handiena izan duen sarea eta erabiltzaileen % 30,9raino iristen da. X/Twitter % 16,7ra iristen da, Pinterest (% 10,6) eta LinkedIn (% 10,3) aurretik.
Online mezularitzari dagokionez, WhatsApp da nagusi abantaila handiarekin: erabiltzaileen % 93,9k erabiltzen du aplikazio hori. Instagram da bigarren postuan, baina % 25,3rekin. Telegramek (% 15,6) eta Facebook Messenger-ek (% 12,5) osatzen dute sailkapena. Bideo-deiei dagokienez, WhatsApp da nagusi % 68,7ko kuotarekin. Kasu honetan ere abantaila handia da, bigarren eta hirugarren postuetan Facetime (% 6,9) eta Instagram (% 5,4) baitaude, hurrenez hurren.
Txostenak agerian utzi duenez, espainiar internauten % 93,8 Internetera konektatu zen, gutxienez behin, azken hiru hilabetetan. Gainera, % 81 egunean behin baino gehiagotan konektatzen da. Google da bilatzailerik erabiliena, hamar erabiltzailetik bederatzik tresna hori erabiltzen duelarik.









