Egilea: Oier Zabalegi
Argazkia: navarra.es
Hitz kopurua: 586
Irakurketa denbora: 3 Minutu
Nafarroako Gobernuak familia gehiago animatu nahi ditu seme-alabei euskara transmititzera. Horretarako, urtarrilaren 26tik otsailaren 15era bitartean aktibatuta egongo den “Emaiezu hemengoa, emaiezu euskara” kanpainaren edizio berri bat aurkeztu dute.
Nafarroako Lehendakariorde Ana Ollok eta Euskarabideako zuzendari kudeatzaile Javier Arakamak aurkeztu dute, gero eta aniztasun eta eleaniztasun handiagoko ingurune batean, euskara belaunaldi berrientzako baliabide baliotsu gisa balioan jartzea bilatzen duen ekimena.
Euskara aukera gisa, ez oztopo gisa
Kanpainaren mezua argia da: bi hizkuntza propio dituen Nafarroa bezalako lurralde batean biak ezagutzea aukera iturri bat da. Hizkuntzak batzen dute eta euskara ematea gure seme-alabei aukera gehiago ematea da, haien eleaniztasun goiztiarra indartuz” azaldu du Ollok.
Lehendakariordeak babestu du aniztasunarekin errespetu handiena erakusten duen eleaniztasuna gertuko hizkuntzen ezagutzarekin hasten dela. Nafarroaren kasuan, eleaniztasun jasangarri hori gaztelaniarekin eta euskararekin hasten da eta, bestelako atzerriko hizkuntzekin zabaltzen da.
“Familia orok bere seme-alabentzat onena nahi duela ideiatik abiatuta, ahalik eta garapen-aukera handienak eskainiz, Gobernutik euskara oso baliabide baliotsua dela uste dugu erabateko hazkunderako eta Nafarroan bizitzeko, bai eta gizartean aurrera egiteko tresna ere. Hau da, etorkizunez betetako ondarea. Hizkuntzak ikasi egiten dira, eta komunikazioa eta ezagutza errazten duten bitartekoak dira, bai hitz egiten den inguruneari dagokionez, bai hizkuntza bera partekatzen duten pertsonei dagokienez”, jarraitu du Ollok.
Guztion ondarea
Kanpaina, bereziki, atzerritar jatorriko biztanleriari eta beste eskualdeetatik etorritako familiei zuzentzen zaie. Hortaz, euskaraz eta gaztelaniaz gain, kanpainarekin batera argitaratu diren kartelak hainbat hizkuntzatan inprimatu dira: bulgariera, errumaniera eta arabiera.
Nafarroako Gobernuak argi utzi nahi du errealitateak behin baino gehiagotan berretsi duenez, atzerritar jatorriko familietako seme-alabek arazorik gabe ikas dezakete euskara, bai irakasgai gisa, bai irakaskuntzako komunikazio-hizkuntza gisa. “Euskara jakin ala ez, familia orok gure hizkuntza eskain diezaieke seme-alabei, eta horrek euren bizitzak aberastuko ditu”, adierazi du Arakamak.
Datuetan oinarritutako apustua
Nastat-Nafarroako Estatistika Institutuaren azken datuen arabera, Nafarroan 3 urtetik gorako 100.000 biztanle inguru euskaraz hitz egiteko gai dira, eta beste 75.000 inguru ulertzeko gai dira nahiz eta ondo hitz egiteko maila nahikorik ez izan. Hortaz, Nafarroako biztanleriaren % 25 inguruk euskara du presente bete egunerokotasunean.
Nafarroan milaka familiek aukeratu dute uskara seme-alabentzat eta, gaur egun, euskara dakiten gazte horiek dira, aldi berean, atzerriko hizkuntzen ezagutza-tasa altuena dutenak
Gainera, Arakamak azpimarratu duenez, azken urteetan euskara modu egokian eta arrakastatsuan sartu da hainbat familiatan txikienei esker. Horrela, Nastat-en datuen arabera, euskararen ezagutza-mailarik altuena, % 50etik gertu, 15 urtetik beherako gaztetxoen artean ematen da. Horrez gain, datuek erakusten dutenez, belaunaldi euskaldun gazteak eleaniztunagoak dira, hots, atzerriko hizkuntzen ezagutza-tasa altuagoak dituzte. “Euskarak haurrei bere prestakuntza hobetzen laguntzen die eta hori da, hain zuzen ere, kanpaina honek helarazi nahi duen mezua” azpimarratu du Euskarabideako zuzendari kudeatzaileak.
Matrikulazioen gorakada euskaltegietan
Aurkeztu berri den kanpainak bat egiten du azken urteetan Nafarroako Gobernuak hiztun berriak lortzeko jarraitu duen apustu estrategikoarekin, bai haurren artean, bai helduen artean ere. Zentzu horretan, Ollo lehendakariordeak duela gutxi azaldu zuen Nafarroako Parlamentuan euskaltegietako azken matrikulazioan igoera esanguratsua izan zela. Zehazki, iazko iraileko matrikulazio kanpainan matrikulatutako ikasleen kopurua % 32an hazi da, 4.127 ikasletik 5.433ra pasatuz.
Kanpaina hainbat euskarritan garatuko da: kartelak, prentsa digitala, tokiko argitalpenak, irratiak, markesinak, sare sozialak, blogak… eta iragarki handi bat jarriko da Euskarabidearen egoitzaren aurrealdean. Guztira, kanpainaren aurrekontua 75.000 eurokoa izango da.
Gainera, kartel pertsonalizatuak egin dira Nafarroako 34 udalerritarako eta Iruñeko Lezkairu eta Etxabakoitz auzoetarako. Bertsio pertsonalizatua izango duten udalerriak honako hauek dira: Ablitas, Oibar, Arguedas, Azagra, Buñuel, Cabanillas, Cadreita, Caparroso, Zarrakaztelu, Cascante, Castejon, Cintruenigo, Corella, Cortes, Faltzes, Fitero, Fontellas, Fustiñana, Larraga, Lodosa, Murchante, Erriberri, Azkoien, Ribaforada, San Adrian, Zangoza, Sartaguda, Tafalla, Tutera, Valtierra, Viana eta Alesbes.
Kanpaina Euskararen Foru Legeak ezarritako sustapenaren aldeko konpromisoaren barruan kokatzen da, eta Nafarroako Gobernuaren ekintza-ildoari jarraipena ematen dio: herritarrak hizkuntza propio horren inguruan sentsibilizatzea, aukera-iturritzat hartuta.









