Loturak Zabaldu programak migrazio-prozesuak ezagutzeko aukera eman die 1.600 gazteri

Bizkaiko eta Gipuzkoako 33 ikastetxetan egin da eta uda ostean Arabara ere zabalduko da

 Irakurketa denbora: Minutu 1

Bizkaiko eta Gipuzkoako 33 ikastetxetako 14-16 urte bitarteko 1.600 gazte inguruk migrazio eta harrera-prozesuak ezagutzeko aukera izan dute Loturak Zabaldu programari esker. Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Erronka Demografiko eta Gazteria Sailak diruz laguntzen duen egitasmo hau hiru emakume gazte migraturen testigantzak biltzen dituen errealitate birtualeko ikus-entzunezko batean oinarritzen da. Istorio bakoitzak, ikuspegi intersekzionaletik abiatuta, emakume horiek beren jatorriagatik, generoagatik eta adinagatik dituzten erronka pertsonal eta sozialak erakusten ditu.

Loturak Zabaldu

Programak ikastetxeetan garatu beharreko metodologia bat du. Errealitate birtualeko betaurrekoen bidez ikus-entzunezkoa ikusi aurretik, ikasleei gaiaren inguruko aurkezpen bat egiten zaie. Amaitzeko, eta esperientzia birtuala bizi ostean, ikasleek emozioak eta ikaskuntzak partekatzeko aukera izan dute talde-dinamiken bidez.



Tailerretan, ikasleen sormena sustatzen da, jarduera grafikoen, talde txikietako eztabaiden eta talde-erakusketen bidez. Egitura horrek aukera ematen du migrazio-fenomenoari arrazionaltasunetik ez ezik, emozionaltasunetik eta bizipenetatik ere heltzeko. Guztira 86 tailer egin dira eta horietan DBHko 2. eta 3. mailako ikasleek eta Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleek parte hartu dute. Tailerrak Bizkaian eta Gipuzkoan egin dira eta uda ostean Araban ere egingo dira.

Programan parte hartu ostean ikasleei egin zaizkien balorazio-inkestetan, ikasleen % 80k onartzen du esperientziak balio izan diela migratzaileek aurre egin beharreko zailtasunak hobeto ulertzeko. Gainera, % 90ek esperientzia gomendatuko lieke lagunen bati, eta zentroak migrazio-esperientziekin lotutako jarduera gehiago antolatzearen alde agertu da.



Irakasleen balorazioa ere positiboa izan da; hamarretik zortzik adierazi du programa oso eraginkorra izan dela ikasleak migrazioen errealitatearen inguruan sentsibilizatzeko.