Martxan da Arnasetik bideo sormen lehiaketaren IV. edizioa

Euskararen arnasguneetako nerabeei zuzendutako lehiaketa honen xedea da hizkuntza ohituren eta herrien inguruan gogoeta egitea.

  Egilea: Jon Mikel Zabalegi
  Argazkia: shutterstock.com
  Hitz kopurua: 165
  Irakurketa denbora: Minutu 1

Martxan da Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta UEMAk elkarlanean garatzen duten ‘Arnasa gara’ egitasmoaren  barruan antolatzen den ‘Arnasetik’ bideo sormen lehiaketaren laugarren edizioa. Lehiaketa honen xedea da euskararen arnasguneetan bizi diren 10 eta 16 urte bitarteko nerabeen sormena sustatzea eta beren hizkuntza ohituren eta herrien inguruan gogoeta piztea.

Aurreko edizioetan bezala, lehiaketa hiru kategoriatan banatuta dago:

  • LH 5. eta 6. mailako ikasleak
  • DBHko 1. eta 2. mailako ikasleak
  • DBHko 3. eta 4. mailako ikasleak

Kategoria bakoitzean erronka zehatz bati erantzuna emateko bideoak aurkeztu beharko dituzte gazteek. Kategoria bakoitzeko irabazleak 500 euroko bonua jasoko du. Horiez gain, publikoaren artean boto gehien lortzen dituen bideoaren egileak ere sari bera jasoko du.



Lanak urriaren 31era arte aurkeztu ahal izango dira. Azaroaren 5etik 15era bitartean aurkeztutako bideoak ikusgai izango dira arnasagara.eus webgunean. Ikusleek gustukoen duten bideoaren alde bozkatzeko aukera izango dute data horietan. Sari banaketa ekitaldia azaroaren 27an egingo da Leitzako Herri Aretoan

Argibide guztiak: https://arnasagara.eus/arnasetik-2025/