Nafarroako 10 gaztetik 9k antisorgailuak erabiltzen dituzte

Nafarroako gazteen % 46,4k dio STIen sintomen eta tratamenduen inguruko informazio argia duela

  Egilea: Jose Poza
  Argazkia: shutterstock.com
  Infografia: Jose Poza
  Hitz kopurua: 440
  Irakurketa denbora: 2 Minutu

Nafarroako gazteen gehiengo handi batek antisorgailuak erabiltzen ditu bere sexu-harremanetan. Hala ere, asko dira sexu transmisiozko infekzioen (STI) inguruko ezagutzan gabezia handiak dituztenak. Nafarroako Gazteriaren Institutuak egin duen ‘Gazteak eta harreman afektibo-sexualak. Nafarroa 2025’ azterlanaren arabera, penetrazioa duten sexu-harremanak dituzten nafar gazteen % 92,8k antisorgailuren bat erabiltzen du.

Txostenean azpimarratzen denez, komunikazioa da sexu-harremanen zutabe nagusia: % 95,3rentzat funtsezkoa da bikotekidearekin hitz egitea antisorgailurik egokiena erabakitzeko. Pentsaera horri esker, gazteen % 72,5ek sexu-harremanak izateari uko egiten dio antisorgailuren bat eskura ez badu.

Gehien erabiltzen diren antisorgailuak

Kondoia da gehien erabiltzen den antisorgailua. Nafar gazteen % 71,5k kondoia erabili zuen bere azken harreman sexualean. Pilula antisorgailua da, % 12,7ko erabilerarekin, gehien erabiltzen den bigarren antisorgailua. Metodo naturalek (% 7,1) eta umetoki barneko gailuak (% 5,1) osatzen dituzte gehien erabiltzen diren aukeren zerrenda.



Adina da lehentasunetan eragin gehien duen aldagaia. Adibidez, 20 urtetik beherako gazteen artean kondoia da aukera hobetsia, gazteen % 90,6k horren alde egiten dutelarik. Adinean gora egin ahala, pilula antisorgailuaren erabilerak ere gora egiten du eta 26 urtetik gorako emakumeen ia laurden batek (% 23,5) erabiltzen du metodo hori.

Antisorgailuen erabilera altua bada ere, sexu transmisiozko infekzioen prebentzioan zenbait hutsune hauteman ditu azterlanak. Izan ere, nafar gazteen % 64,6k bakarrik erabiltzen du horrelako infekzioak saihesteko neurriren bat. 20 urtetik beherakoen artean % 79,1ek prebentziorako neurriak hartzen ditu, baina ehuneko hori nabarmen jaisten da 26 urtetik gorakoen artean. Gizonen artean ohikoagoa da horrelako neurriak hartzea emakumeen artean baino (% 70,8 eta % 57,7, hurrenez hurren).

STIen aurkako neurriak hartzen ez dituzten horien kasuan, gehienek diote sexu-harremanak bikote egonkor baten barruan dituztela. Aipatzen diren beste arrazoi batzuk dira: bikotekidearekiko konfiantza (% 5,8) eta haurduntza nahi izatea (% 4,2).

Antisorgailuen gaineko ezagutza nahiko altua da. Nafar gazteen % 75,4k dio aukeran dituen antisorgailuen gaineko ezagutza-maila altua duela.

STIen gaineko ezagutza

STI nagusien sintoma, tratamendu eta zioen inguruan den desinformazio-maila nahiko altua da. Gazteen % 46,6k bakarrik dio STI nagusien sintoma, tratamendu eta zioen inguruko informazio argia duela. % 34,9k berriz, zalantzak ditu eta % 18,5ek guztiz desinformatuta dagoela onartzen du. Emakumeak eta gazteenak dira STIen inguruko ezagutza-maila baxuena dutenak. Bitxia bada ere, talde horiek dira proba diagnostikoak egitearen garrantziaz kontzientzia-maila handiena dutenak.



STIen inguruko kontzientziazio-maila, teorian behintzat, altua da. Gazteen % 83,3rentzat funtsezkoa da aldizka probak egitea bizitza sexual aktiboa izateko. Hala ere, errealitateak ez du bat egiten kontzientziazio-maila horrekin. Izan ere, Nafarroako gazteen % 21,6k soilik dio ez duela STIrik izan egiaztatze-probaren bat egin izanaren ziurtasunarekin.

Nafar gazteen % 5,4k, berriz, STIren bat izan duela onartzen du. Kopuru horrek nabarmen egiten du gora adinean Aurrera egin ahala: % 0,7 20 urtetik beherakoen artean eta % 11,8 26 urtetik gorakoen artean. Generoen arteko aldeak, kasu honetan, oso txikiak dira: gizonen % 5,7 eta emakumeen % 5,0.