Zazpi ‘pilula’ gazteen garapen pertsonalerako

Kontadores-ek sexualitatea, ongizate emozionala eta begirada kritikoa ardatz dituzten zazpi tailer hartuko ditu urte amaiera bitartean

  Egilea: Jon Mikel Zabalegi
  Argazkia: Kontadores
  Hitz kopurua: 326
  Irakurketa denbora: 2 Minutu

Bidebietan den Kontadores Zentroak 18 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako doako zazpi tailer hartuko ditu urriaren 16tik abenduaren 18ra bitartean. Hiru ordu inguruko iraupena duten ‘Pilulak’ deituriko saio horietan, besteak beste, sexualitatea, ongizate emozionala eta begirada kritikoa bezalako gaiak jorratuko dira. Jardunaldiak Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak, udalerrietako Gazteria zerbitzuekin elkarlanean, antolatzen duen TREBA Gazteak programaren barruan egingo dira.

TREBA

TREBA Gazteak programa Gipuzkoako gazteei emantzipazio eta garapen pertsonalerako prozesuan laguntzeko jaio zen. Ekimenak kolektibo horri bizi-etapa honetako aldaketei eta erabakiei aurre egiten lagunduko dieten tresnak ematea du helburu. Donostian orain eskaintzen diren tailerrek filosofia horri erantzuten diote eta “pilula” formatuan aurkezten dira, gai espezifikoetan sakontzea ahalbidetzen duten egun bateko saio kontzentratuak direlako.

Hiru bloke tematiko

Tailerrak hiru esparru bereiztuetan antolatu dira. Lehenengo blokean sexualitatea izango da gai nagusia eta horren inguruko hiru saio programatu dira. Oinarrizko ikastaroa urriaren 16an izango da eta ondoren, ‘Komunikazioa eta boterea intimitatean’ eta ‘Arauz harago’ izenburuko tailerrak emango dira urriaren 23an eta 30ean, hurrenez hurren. Bigarren ‘pilula’ horretan, arreta berezia eskainiko zaie desioari, akordioei eta mugei. Hirugarren saioan, berriz, dibertsitatea, sexu-eskubideak eta berdintasunezko praktika afektiboak jorratuko dira.

Bigarren blokea ongizate emozionalaren ingurukoa izango da. Oinarrizko ikastaroa azaroaren 14an izango da eta sei egun beranduago, azaroaren 20an, jendaurrean hitz egiten ikasteko ‘Jende aurrean komunikatu’ tailerra izango da.Bertan, testuinguru ezberdinetan ahozko komunikazioa hobetzeko hainbat baliabide praktiko eskainiko dira.

Azken blokeak, begirada kritikoarenak, bi saio eskainiko ditu abenduaren 11n eta 18an. Aurreko bietan bezala, oinarrizko ikastaroa eskainiko da lehenik eta, ondoren, sakontzeko ikastaro bat ere izango da. Kasu horretan, bigarren ikastaro horrek ‘Scape box’ izena izango du eta entretenimendua eta arazoak aztertzeko eta konpontzeko trebetasunen garapena konbinatzen dituen jarduera praktikoa izango da.

Saio guztiak arratsaldean izango dira, 17:30etatik 20:30etara bitartean. Tailerretan parte hartu ahal izateko ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea Kontadores zentroaren webgunearen bidez. Formakuntzak doakoak izango dira eta plazak 18 eta 30 urte bitarteko gazteentzat izango dira.