Euskal gazteriaren erdiak etorkinen sarrera ahalik eta gehien erraztuko luke

Gazteen % 17,4k dio EAEn atzerritar jatorria duten pertsona gehiegi daudela; % 62,7k, berriz, uste du etorkin asko daudela, baina ez gehiegi.

Abenduaren 18an ospatzen den Pertsona Migranteen Nazioarteko Egunaren ildora, Gazteen Euskal Behatokiak Euskadiko gazteek immigrazioari buruz duten iritzia bildu du. Jasotako erantzunen arabera, euskal gazteriaren erdia (% 50,3) etorkinen sarrera ahalik eta gehien erraztearen alde azaltzen da. Gazteen ia bosten batek (% 17,4) dio EAEn atzerritar jatorria duten pertsona gehiegi daudela; % 62,7k, berriz, uste du etorkin asko daudela, baina ez gehiegi. Etorkin gutxi daudela uste dutenen kopurua % 9,8koa da. Etorkin gehiegi daudela uste dutenen ehunekoak gora egin du 2020. urtearekin alderatuta, baina 2004-2016 aldian erregistratutakoa baino txikiagoa izaten jarraitzen du.

Euskal erakundeek jarraitu beharreko immigrazio politikaren inguruan galdetuta, euskal gazteriaren erdia (% 50,3) etorkinen sarrera ahalik eta gehien erraztearen alde azaltzen da. Heren batek baino gehiagok (% 35,3) dio bakarrik lan-kontraturen bat duten horiek sartu beharko liratekeela eta % 1,5ek soilik debekatuko luke etorkinak sartzea. Gainerako % 12,8k, berriz, ez daki edo nahiago du ez erantzutea.